35 urte pasa dira Hala Bedi irrati libreak uhinetara salto egin zuenetik, helburu argi batekin: "ahotsik ez zutenei ahotsa ematea". Asko aldatu da dena denbora honetan, eta garai berrietara etengabe moldatu den proiektu komunikatibo erreferentziala da gaur egun. Aurten, erronka handi bati eutsiko dio Hala Bedik: 999 bazkide edo halabelarri lortzea.
150 boluntario
"Herri mugimenduekin elkarlanean eta herri mugimenduaren tresna izanik, irrati libre, alternatibo eta komunitario bat baino askoz gehiago bihurtu da Hala Bedi. Kolektiboa bera espazio libre bat da, gero eta anitzagoa, aberatsagoa, aberasgarriagoa… irrati zein proiektu komunikatibotik haratago doan etxea bihurtu da Hala Bedi urteen poderioz", azaldu dute Hala Bediko lagunek ohar baten bidez. Izan ere, egun borondatez aritzen diren 150 pertsona inguruk osatzen dute proiektua. Hauek guztiak Hala Bedi, Hala Bedi2, halabedi.eus webgunean eta sare sozialetan aritzen dira, eta egunero 10.000 pertsona baino gehiagorengna iristen direla azaldu dute.
2018, etorkizuna ospatzeko urtea
Etorkizunari begira ospatuko ditu Hala Bedik 35 urteak. "Herri mugimenduekin harremana sendotzen jarraitzea, 999 halabelarri lortzea eta proiektu komunikatiboa indartzea izango dira urtemuga borobil eta berezi honetako helburu nagusiak". Horretarako, egitaraua oparoa antolatu dute datozen hilabeteetarako.
- Apirilean | Gasteizko Gaztetxearen urtemugan parte hartuko du Hala Bedik, apirilaren 9tik 15era antolatuko den Autogestioaren Astean.
- Maiatzean | Gala Bedi & Hala Bedi Sariak. Halabelarriekin zein herri mugimenduekin elkartzeko eta eskerrak emateko, jaia.
- Maiatzean | Hala Bedi Rock. Musika izango da protagonista urtero bezala Gasteizko Gaztetxean antolatutako jaialdian. Bertan, Gasteizko eta Arabako sei musika talde eta bakarlarik parte hartuko dute.
- Ekainean | Hala Bedi Maratoia. Aurten ere, txosna jarriko du Hala Bedik Judimendi auzoko jaietan. Horretaz gain, egun osoko maratoia antolatuko du ekainaren 23an, Judimendiko Jaien egun handian.
- Abuztuan | Gasteizko Jaiak. Abuztuaren 6an, lehen aldiz emititu zuen Hala Bedi irrati libreak 1983. urtean. Aurtengo jaietan, herri mugimenduarekin entxosnatzeaz gain, 35. urtemugaren ospakizun berezia egingo dute.
- Urrian | OkupaTU Gasteiz Eguna. Urriaren 6an urtemugak ospatuko dituzte Hala Bedik (35), Gasteizko Gaztetxeak (30), Auzolana Pilotalekuak (10) eta Errekaleor Bizirik-ek (5).