Hara hor Ceutako hondartza, 2014ko otsailaren 6ko egunsenti hartan izandako tragediaren lekuko isila, Saharaz hegoaldeko 200 pertsona inguru Tarajaleko murruaren ertzetik igeri eginez Europan sartzen saiatu zirenekoa, hantxe baitago Maroko eta Espainia bereizten dituen muga artifiziala. Erabaki txarra, alabaina. Izuak eta itxaropenak bultzatutako besarkada frenetikoek hondartzara gerturatu zituzten, baina hantxe zuten guardia zibil andana zain, istiluen aurkako materialez ondo hornituta. Guardien armen harrabotsek izoztuta geratu ziren gazteen oihu adoretsuak. Hamar minutu dantesko eta gero txikizioaren kontaketa.
Igerilariak akituta eta gorpuak jitoan. Diotenez, 15 izan ziren eraildakoak, baina inoiz ez da jakingo zenbat izan ziren zehazki. Nolanahi ere, zenbait gazte, jaurtigaiek jota, betirako hondoratu ziren egunsentiko ur ilunetan: «zoritxarreko heriotzak», Human Rights Watch-ek zioen legez. Inork ez zien deitu sorospen zerbitzuei, naufragoentzako laguntza eskatzeko. Bizirik irten ziren 23 gazte hondartzan bildu eta abiapuntura itzularazi zituzten. Harrezkeroztik, kontakizun ofiziala, estalketaz beterikoa. Eta gezurkeriatan norgehiagoka Ceutako ordezkaria, Guardia Zibileko zuzendaria eta Barne ministroa, Fernandez Diaz izugarria. Eskatutako ikerketa batzordea egitea eragotzi zuen PPk Kongresuan duen gehiengo absolutuak. Baina zenbait gobernuz kanpoko erakundek tragedia hartatik bizirik atera zirenengandik jasotako deklarazioei esker errealitatea argitu zen: guardia zibilek istiluen aurkako materiala erabili zuten, hala izan zela ukatu bazuten ere; zuzenean bota zituzten jaurtigaiak gazteen gorputzen edo haiei eusten zieten flotagailuen aurka; igerilari askok jaurtigaien marka bereziak zituzten larruan; batzuk Espainiako lurraldera heldu ziren, baina Marokora itzularazi zituzten, horren kontra egin bazuten ere; gertatutako guztiaren grabazio zehatzak egin ziren, ukatu eta ezkutatu izan zirenak.
Tamalez, eta, espero zen bezala, zigorgabetasun itzelak estali du izenik gabeko jendearen aurkako sarraskia. Ez zen operatiboan parte hartutako agenteen eta haren arduradunen aurkako kautelazko neurririk hartu. Justizia gor eta itsu agertu zen justizia egiteko eskatu zutenen aurrean. Urtebete baino gehiago igaro behar izan zuen aurreneko deklarazioak hartzeko egotzitako 16 guardia zibilei. Epaile instruktoreak legitimizatu egin zuen biolentzia errepresiboa, bai eta polizia-agintariek ere. Hala, bada, magistratu horrek berak ez zuen erantzukizunik ezarri, eta, orain dela hamar egun, kausa artxibatzea erabaki du, «ez baita behar bezala justifikatzen deliturik egin denik».
Tarajalen gertatutakoa bere gaztelua basakeriaz defendatzen duen Europar Batasunaren adierazpen odoltsua izan zen. Beste episodio bat, zenbait bidegabekeriaren artean, izugarrikeriak bultzatuta gure gotorleku eskuraezinean aterpe bila datorren jendearen aurka. Zorigaiztoko egunsenti hartatik, dagoeneko 14.000 lagun baino gehiago ito dira Mediterraneoan. Gainera, segur aski, etengabeko izugarrikeria hori areagotu egingo da, txiroen eta aberatsen arteko desberdintasuna handituz baitoa: «bizitzeko irtenbide alternatiborik eza biolentzia-egoera bilakatu da», dio Francesco di Donnak (Italian Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak duen koordinatzailea). «Immigrazio irregularraren aurkako gerra txiroen aurkako gerra da; aberatsak askatasunez mugi daitezke», dio Amadou Boulama aktibista nigeriarrak. Antonio Gutierrez Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia izan zenak onartu zuenez, eskandaluzko porrot kolektiboa dugu gertatzen ari dena: «Emigranteak itsaso eta basamortuetan hiltzea porrot politiko larriena da». Hara argitasun-aldia harena, kontzientziak astindu eta behar diren erantzunak eragin beharko lituzkeena.
Badaude, ordea, migratzaileen defentsa bere gain hartu duten pertsona konprometituak (gehienak emakumezkoak, nabarmen). Hara Helena Maleno, Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeko aktibista, otsailaren 6 hartan gertatutakoa salatu zuena. Hori egiteak eta egin duen beste lan solidario ugarik erruztatuen aulkian eseraraziko du, batetik, eta bestetik, haren adorea miresten dugunon babes solidarioa ekarriko dio bueltan. Horra hor ere, Tarajaleko biolentziaren kontrako posturan, Emakumeak Gerraren Aurka taldea, gure lurraldean gorpuzten ari den mugimendu antiinperialista. Edo Santurtzin joan den abenduaren 16an bizi izan genuen ekitaldia: tragedia greko bateko pertsonaiak bailiran, Euskal Herriko zenbait emakume kateatu ziren Abra mugatzen duen hesian, eguraldi latza zegoela, etengabeko euri-jasa. Dei ausarta, benetan, Kantaurira bizkarra emanda emakume horiek egin zutena: munduko inongo itsaso ez dadila pobreentzako hilerri bilakatu, eta portu guztiek ateak ireki ditzatela duintasunez bizi nahi dutenentzat.