Gaur goizean elurrak ez du arazo handirik eragin Araban. Hala ere, Herrerako mendatea ordu batzuetan itxita egon da kamioientzat, eta autoek kateak edo neguko gurpilak erabili behar izan dituzte. Gainera, Azazeta eta Bernedoko mendateetan arretaz gidatzeko gomendatu du Segurtasun Sailak.
Datozen orduetan, eguraldiak ez du hobera egingo, eta astezkenera arte abisu horia luzatu du Segurtasun Sailak, elurragatik. Euskalmeten arabera, gau aldera elur-maila 200-400 metroan kokatuko da. Prezipitazioak, ordea, eskasak izango dira. Asteartean, elurra maila berean mantenduko da, baina gaur bezala, prezipitazio urriak izango dira. Asteazkenean, 100-300 metro inguruan egin dezake elurra.
Tenperatura bajuak ere izango dira protagonista; maximoak ez dira hiru gradura helduko.
Uribarriko urtegia
Uribarriko urtegiaren hustutzea 25 metro kubiko segundura handitu zuten atzo, azken egunetako elurra eta iragarrita dauden prezipitazioen eraginez. Egun, urtegiaren edukiera %85 baino handiagoa da.