Alavesek balio handiko garaipena lortu zuen Celtaren aurka

Ibon Gorrisi 2018ko ots. 5a, 09:53

Jaitsiera postuetatik bost puntura urrundu da talde arabarra, larunbatean 2-1 irabazi ostean.

Hiru puntuak behar zituen Alavesek. Behar-beharrezkoa zen garaipena Celtaren kontra. Baloia jokoan jarri bezain pronto argi eta garbi ikusten zen jokalariek dena emango zutela irabazteko. Eta horrela izan zen, laugarren minutuan, hasi eta berehala, Pedrazak egin zuen gola (1-0).

Gol horrek lasaitasuna eman zion taldeari. Oso ondo kokatuta zegoena zelaian. Ez zuten inongo zirrikiturik uzten eta galiziarrek, nahiz eta baloiaren jabe izan, ez zuten arriskurik sortzen. Zelai-erdian ehunduriko amaraun trinkoan egiten zuten topo Celtako jokalariek. Sakoneko paseak egiten zituzten bakoitzean baloia galtzen zuten. Gainera, talde urdin-txuriak 18. minutuan bigarren gola egin zuen, Munir aurrelariaren bitartez. Ondo baino hobeto eman zion amaiera Ibaik erdiratutako baloiari. Garaipena gero eta hurbilago zegoen.

Halere, bigarren zatian hor hasi ziren agertzen aurreko partiduetako mamuak. Epailearenganako mesfidantza, izandako zorte txarra eta hori guztia guztion buruan baitzegoen. Jokalariek, ordea, bereari eutsi egin zioten eta seriotasun ikaragarriarekin aritu ziren. Atzean sendo aritu ziren. Arrisku txikiena berehala urruntzen zuten.

Jokoaren ekimena Celtak eraman zuen, baina sakontasunik gabe. Baina hori Alavesen meritua izan zen. Izan ere, defentsako lanari aurrelariek beraiek hasiera ematen zioten, gerora Manu eta Pina erdilariek baloi asko eta asko moztu zituzten. Azkenean, atzealdeko lerroak sendotasun izugarria erakusten ari da azkeneko partiduetan. Dena den, azkenengo minutuetan arazo bat baino gehiago izan zuen Alavesek. Iago Aspasek erakutsi zuen goi mailako jokalaria dela, jokaldi pare batzuk egin zituen eta batean gola lortu zuen. Ia-ia ez zen denborarik gelditzen baina… Azkenean hiru puntuak etxean gelditu ziren.

Alavesek ligan Mendizorrotzan jokaturiko azken bost partidetan lau garaipen lortu ditu. Horrek esan nahi  du bide onean ari dela, eta bolada horri jarraipena eman behar diola. Gainera hurrengo aurkariak A Coruñako Deportivo eta Levante izango dira, aurkari zuzenak. Beraz, pozik egiteko arrazoiak egon badaude.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide