Martxoak 8

Greba feminista deitu dute martxoaren 8rako

Erredakzioa 2018ko ots. 2a, 14:17

Gasteizko Mugimendu Feministak kontzertu klandestinoa egin zuen Boulevard-ean, grebara deitzeko. Irudia: Hala Bedi

Lanuzteak eta mobilizazioak iragarri dituzte, lau esparrutan: kontsumoa, lana, zaintza eta hezkuntza.

Aurten, martxoaren 8a "are bereziagoa" izatea proposatu du mugimendu feministak. Izan ere, Euskal Herri mailako Greba Feminista deitu dute egun horretarako. Greba, ordea, ez da enpleguaren esparrura mugatuko:  "gure kontsumoa, etxeko eta zaintza lanak, soldatapeko lanak eta ikasketak geldiaraziko ditugu; erakutsiko dugu gu gabe ez dela produzitzen, eta gu gabe ez dela erreproduzitzen", azaldu dute Euskal Herriko mugimendu feministako eragile ezberdinek, gaur Donostian egin dute agerraldian.

Hala, martxoaren 8rako deitu duten greba lau esparrutan egingo dute: kontsumoa, lana, zaintza eta hezkuntza. Egunak lau orduko bi lanuzte izango ditu; goizean (11:00-15:00) eta arratsaldean (18:00-22:00).  Eguerdiko 12:00etan eta 20:00etan, berriz, mobilizazioak egingo dituzte.

"Emakumeei dei egingo diegu zaintzak eta ugalketa lanak ez egitera, eta, grebaren seinale gisa, besoko morea janztera, eta balkoi nahiz leihoetan amantalak eskegitzera. Era berean, ez kontsumitzeko deia ere egingo dugu", zehaztu dute.

Martxoaren 8ko protesta eguna  herriz herri sortuko diren ekintzekin osatuko dela azaldu dute. Araban, esaterako, talde ezberdinak sortu dira, besteak beste, Gasteizen eta Lautadan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago