'The Post'

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Zumeta 2018ko otsailaren 3a

Segituan oroitu naiz Egin eta Egunkaria kasuez, prentsa askatasunaren urraketez.

70eko hamarkada, AEBek urte luzeak zeramatzaten Vietnamgo gerran eta Richard Nixon zen presidentea. The Washington Post egunkaria txikia zen garai hartan, xumea, urte luzez familia bereko kideek kudeatutakoa, bat-batean gauzak aldatu ziren arte.

Spielbergen azken lanak gogoeta historikoa proposatuko digu beste behin ere. Suspentsea eta polizia-generoak uztartuko ditu, baina ez da atzerrira joango, ez zaigu gerraz arituko, edo behinik behin, ez literalki. Botere politikoaren eta herritarren artean suerta daitekeen gerraz ari da. Adierazpen askatasunaz, eta nola gobernuak eta haren mesedetan lan egiten duen makinaria burokratikoa hiritargoa zuhurki maneiatzen saiatzen diren. Hori guztia, neurri batean, ekiditeko, adierazpen askatasuna eta prentsa askatasuna beharko dira, noski, eta horren inguruan ariko zaigu filma. Watergate eskandalua azalarazi baino hilabete batzuk lehenago kaleratu zuten AEBren kanpo politikaren inguruko informazioa du abiapuntu.

Zuzendariak era oso trebean erabiliko ditu plano eta enkoadraketak, estatua eta berau ordezkatzen duten instituzio guztiak erakusteko modua, kontrapikatu eta irekiekin, instituzioen handitasuna eta boterea erakutsi nahian, urruntasuna, hotza eta ezerosotasuna. Egunkaria eta kazetariak erakusten dituen aldiro, ordea, planoak hurbilagoak baliatuko ditu, kolore epelagoak, espazioak txikiagoak, gizatiarragoak, herritarrok ezagutzen dugun espazioa.

Bi hari nagusi izango ditu zuzendariaren aldarrikapenak: batetik, gobernuen botere aseezinaren bidegabekeria salatu eta kontrol tresna eta neurrien beharraz jabetu gaitezen nahiko du; bestetik, emakumearen papera goraipatuko du, urteetan isilduak eta ukatuak izan diren emakume askoren lana eta papera ikusaraziz. Horretarako, Meryl Streep aktorea izango dugu pantailaren bestaldean. Streepek egunkariaren zuzendariaren papera egingo du. Ez nuke Tom Hanksen lana gutxietsi nahi, baina ni Meryl Streepen aldekoa naiz, beti bezala, irabazi egin nau, lan bikaina egin baitu.

Zintak modu handizalean aurkeztuko digu istorioa, baliabide guztiekin, Spielbergenena dela ez ahazteko, eta horrek, batzuetan, istoriotik aterako gaitu. Baina segituan oroitu naiz Egin eta Egunkaria bezalako kasuez, eta aspalditik lehenengo pertsonan pairatu ditugun adierazpen askatasunaren urraketez. Hor ditugu orain ere Trumpen Fake News direlakoak! Horregatik bada ere, merezi du zinta ikusteak, eta borobiltzat jotzen ez dudan arren, gustura ikusten den filma da, erritmo azkar eta bizia darabilena, kazetariaren papera duin egiten duena, informatzea ezinbesteko zerbitzu publiko bat dela gogoraraziz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago