Hiesa autodiagnostikatzeko lehen proba dagoeneko eskuragarri dago Arabako botiketan. Medikuaren agindurik gabe erosi daiteke 29,90 euroko salneurrian. Erabiltzeko orduan, pertsonak odol edo txistu lagin bat hartzen du testaren emaitza interpretatzeko. Proba egiteko 20 minutu baino gutxiago behar dira, emaitza lortzeko inongo laborategira bidaltzeko beharrik gabe.
Sidalava Arabako Hiesaren Aurkako Batzordeak begi onez hartu du ekimena; "proba honek diagnostiko goiztiarra ahalbidetzen du". Zentzu horretan, 2016an %52,5 "berandu" egin ziren diagnostikoak izan ziren, eta %30k ez zekiten GIBaren birusaz kutsatuta zeudela.
Batzordeak ohartarazi duenez, autotesta guztiz fidagarria izateko hiru hilabete pasa behar dira birusa hartu denetik. Gainera, gogoratu du emaitza positibo bat beti ospitale edo osasun zentro baten konfirmatu behar dela.
"Diagnostiko goiztiarrak osasun indibidulerako zein kolektiborako onurak ditu. Maila indibidualean, pertsonak infekzioari aurre egiteko tratamendua ahalik eta lasterren hartzen du. Maila kolektiboan, berriz, beste pertsonak kutsatzeko arriskua murrizten da", azaldu du batzordea ohar baten bidez.
Sidalava "aitzindaria" izan zen GIBaren eta sifilisaren proba azkarretan; 2008tik geroztik eskaintzen dute doako zerbitzu hau, modu anonimoan.