Zorterik gabe jarraitzen du Alavesek. Valentziaren aurka gertatu bezala, atzo Bartzelona ahalguztidunaren kontra ia-ia partida borobila egin arren, saririk gabe geratu zen. Ia ezinezkoa zena ekinaren ekinez gauzatzeko aukera izan zuen talde urdin-txuriak.
Huts eta batekoarekin bukatu zen lehen zatian. Ondo baino hobeto aritu ziren jokalariak. Bartzelonak ez zuen aukerarik sortu. Lau-lau eta bikoarekin jokatu zuen Alavesek, lerroak erabat elkarturik, zirrikiturik utzi gabe. Messi, Iniesta eta enparauak area ingurura erraz samar hurbiltzen ziren, baino azkenengo pasea egiten zutenean Alaveseko jokalariren bat agertzen zen mozteko. Gauzak horrela, lehen zatian Pacheco atezainak ez zuen apenas lanik izan.
Bigarren zatian, lehengo lepotik burura, Alaves kontraerasora jokatzera eta Bartzelona berdinketaren bila. Bikain aritu ziren arabarrak, gainera baloia berreskuratzen zuten bakoitzean pase luzeak eginez saiatzen ziren ezustekoren bat ematen. Kataluniarrek ez zuten biderik ikusten, ez aurkitzen, ez Messi, ez Iniesta, ez Coutinho, ez Suarez... denak goi-mailako jokalariak. Halere, Barca, Barca da; eta askoz gehiago, jakina, epailearen laguntza badu. Suarez-ek 72. minutuan berdinketarena egin zuen, eta 84. minutuan Messik garaipenaren gola. Lehenengoan Piqueren besoan jotzen du baloiak, nahi gabe, baina... Bigarren golean, falta egiten dioten jokalaria, Alcacer, jokoz kanpo zegoen. Gerora, Messik, maisuki jaurtiz, gola lortu zuen.
Halere, norgehiagokaren azken minutuan Umtitik eskuz jo zuen baloia area barruan eta Alaveseko jokalari guztiek eskuak altxatuta eskatu zuten penaltia. Epaileak ez zuen ezertxo ere adierazi, ez hori bakarrik, ez zen marrazainarengana galdetzera joan ere.
Berriz ere, saririk ez, merezi, ia-ia garaipena merezi izan zuten. Ea hemendik aurrera egindako jokoak beharrezkoak diren puntuak eskuratzeko balio duen!!!