Zulueta jauregiko ardoaren zentroa, gertuago

Erredakzioa 2018ko urt. 26a, 14:46

Irudia: Maria Fernando

Gasteizko Udalak Zulueta jauregia Arabako Errioxaren ardoaren zentro bihurtzeko beste urrats bat eman du; Araex Rioja Alavesa sozietateak aurkeztutako proiektuaren azalpen-memoria onartu du.

Senda pasealekuan kokatzen den Elvira Zulueta jauregia Arabako Errioxako ardoaren zentro bihurtzeko beste urrats bat eman du Gasteizko Udalak. Gaur goizean, Araex Rioja Alavesa S.L. sozietateak aurkeztutako proiektuaren azalpen-memoria tramitera onartzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Hurrengo urratsa, espazioaren emakida lehiaketa publikora ateratzea izango da, eta lizitazioa datozen asteetan bideratuko da.

Zentro honek ardoa zabaltzeko eta promozionatzeko jarduerak sustatzeko helburua izango du; betiere Arabako Errioxako ardoa ardatz eta protagonista izanik. Bertako produktu hau nabarmentzeaz gain, upategiak eta ostalaritza babestuko ditu, eta, aldi berean, produktu horren eskutik hiria promozionatu eta Gasteizen sustapen turistiko eta ekonomikoan lagunduko duela adierazi dute Gasteizko Udaletik.

Era berean, Hirigintza Sailak baieztatu du txostenak Zulueta jauregirako proposatzen dituen erabilerak zorrotz doitzen zaizkiola Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean definitutakoari, eta egokiak direla hirigintzaren ikuspuntutik. Halaber, Udal Eraikinetako Mantentze Sailak egiaztatu du eraikinaren egoera orokorra ona dela.

 

Eraikin babestua

Zulueta jauregia Europako hiriburutza berdearen egoitza nagusia izan zen 2012an, baina erabilerarik gabe dago 2015etik hona. Aurretik, Sancho El Sabio fundazioaren egoitza izan zen. Osorik babestutako eraikina da, beraz, barruko eta kanpoko itxura zein lorategiarena mantendu beharra dago. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago