Zirt edo zart, kohesioa edo zentralizazioa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko urt. 28a, 09:00
Gasteizek xurgatu ditu lurraldeen ahalmenak. PHOT.OK

Arabak baliabide eta aukera ederrak ditu ongizate maila handiko erregio edo hiri-erregio iraunkor bihurtzeko. Hala egiaztatu du Gaindegiak kuadrillen gainean egin duen azterketa sozioekonomikoan.

Araba da euskal lurraldeen artean hiriaren eta landaren arteko desorekarik argiena duena (biztanleen %75,1 hiriburuan bizi da, lurraldearen %8,5ean). Barruan bi lurralde egitura bizi dira. Zaharrena, lurralde polizentrikoarena, bailara eta kuadrillak barne hartzen dituena. Eta berriena, lurralde monozentrikoarena, Gasteizen inguruan egituratua. 

Inertzia handien menpe, frankismotik datorren hiriburuaren inguruko metatzeak gainerako lurraldeen gabezia ekarri du, hiri egiturak herrialde osotik erakarri baititu herritarrak, gaitasunak, baliabideak eta jarduerak. Gerora, krisi ekonomikoak Gasteiz eta gainontzeko lurraldeen arteko asimetria hori indartu du, eta desoreka sozioekonomiko handiak azaleratu ditu, lurraldeen artean, eta Gasteiz eta periferiaren artean.

Hala, gaur egun zenbait kuadrillek egiturazko arazoak dituzte, komunitate moduan irauteko. Trebiñu, Añana eta Kanpezu dira ezaugarri kezkagarrienak dituzten lurraldeak, bere baitatik biziberritzeko gaitasunari dagokionez.

Araba, erregio gisa

Aipatu errealitatea, datu anitzekin lagunduta, Arabako lurraldeen inguruan eginiko diagnostikoan jaso du Gaindegiak, Arabako Batzar Nagusiek hala eskatuta. Lanaren xedea herrialdeko kuadrillen analisi sozioekonomikoa egitea izan da, eta lurralde eremu bakoitzak iraunkortasun estrategia bat garatzeko dituen parametroen neurketa eta konparaketa.

Egungo errealitatetik abiatuta, lurraldea bizirik izatea nahi izanez gero, bultzatu beharreko estrategia bat iradoki du txostenean Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak: "Hobe Arabaren moduko lurralde bat erregio moduan ulertzea, bere eremuen arteko kohesio eta interakzio gradu handiekin. Elkarrekin konektatutako komunitateak dituen lurraldea, demografikoki berritzeko gaitasuna duena, bai eta ekonomikoki edo asistentzialki ere. Horrek lurralde osoaren ongizatea bermatuko luke". Hots, lurralde-iraunkortasunaren aldeko estrategia sustatzeko beharra azpimarratu du Gaindegiako arduradun Imanol Esnaolak. 

Estrategia hori garatzeko ezinbesteko premisa da, behategiaren ustetan, Arabako eragile politikoen eta sozialen artean, hamarkadak iraun behar lituzkeen hitzarmen politiko bat adostea, "desberdintasunen gainetik, lurraldea orekatzeak eskatzen duen estrategiari bidea egiten laguntzeko". 

Bestela, desoreka gero eta handiagoak izango dira herrialdean, eta horrek urruntzea eta bazterketa dakartza, bai komunitateentzat bai bertan bizi diren pertsonentzat. "Lurraldearen gaineko ikuspegia gune populatuenetara eta hauek garatzeko politika publikoetara mugatzea injustua izateaz gain, zeharo desorekatzailea gertatzen da", nabarmendu du behategiak.

Ekonomia eta zerbitzuak

Beraz, lurraldearen iraunkortasunean eragiteak, Kuadrillen kasuan batik bat, errotiko aldaketa bat eskatzen du; tokiko gaitasun, baliabide, indarrak eta garapen potentziala kontuan hartzea, hain zuzen. Gasteiztik urrun dauden lurralde eremuen garapenari eusteko, ezinbestekoa litzateke lurralde horietako biztanleria errotzea eta kide berriekin indartzea. 

Horretarako premiazkoak dira jarduera ekonomikoak, batetik, eta oinarrizko zerbitzuetara sarbide ona izatea, bestetik. "Iniziatiba ekonomikoak bultzatu behar dira lurralde guztietan, eta segur aski okerren dauden kuadrilletan gauza asko egin beharko dira, eta horietako bat da ekonomia endogenoa sustatzea. Horrek behar du, Arabako Foru Aldunditik bereziki, tokian tokiko ekimenak bultzatzea; izan daitezke turismoari lotuta, osasunari, elikadurari, aisialdiari edo beste era bateko zerbitzuei, baita industriari lotuta ere. Helburua, iraunkortasunaren ikuspegi batetik, biztanleria errotzea izan behar da, aktibitate ekonomiko bati lotzea".

Halaber, oinarrizko zerbitzuak izan behar dira lurralde guztietan eskuragarriak, Gaindegiko Imanol Esnaolak Batzar Nagusietan azaldu duen bezala: "Zerbitzuak urrun dituzten lekuetan biztanleria galdu egiten da; minbizi bat kronifikatzen den momentutik… edo ume txikiak dituzten familietan haur-eskolen presentziak edo eskolara joateko hogei edo hogeita hamar kilometro egiteak arazoak sortzen ditu. Zerbitzuen gaia serio aztertu behar da, bertako familiak eta joan daitezkeen familiak errotzeko modu bat da".

Erreportaje osoa ALEA aldizkarian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide