Alaves taldeaz harro sentitzeko mila motibo

Ibon Gorrisi 2018ko urt. 25a, 09:25

Irudia: Alaves

Alavesek ezin izan zion ametsari jarraipena eman eta penaltietan galdu zuen kanporaketa, Valentziaren aurka.

Abestiak dioen bezala "mundua ez da beti jai, noizbait tristea ere bai, baina badira mila motibo kantatzeko alai". Alavesek ezin izan zion ametsari jarraipena eman eta penaltietan galdu zuen kanporaketa. Bi partidak kontuan harturik, urdin-txuriek merezi izan dute aurrera jarraitzea. Valentzia baino gehiago izan dira bietan.

Atzo, Mendizorrotzan jokatutako norgehiagokan Alavesek zailena egin zuen; markagailuan aurreratzea, alegia. Munirrek bat eta hutsezkoa egin zuen partida amaitzeko 15 minutu bakar-bakarrik gelditzen zirenean. Aukera paregabea kanporaketa gainditzeko. Halere, gutxi iraun zion pozak Alavesi, Santi Minak lau minutu geroago sartu baitzuen banakoa. Zer-nolako jokaldia, erabat lotan harrapatu zituzten babazorroak. Ezin dira era horretako opariak egin, izan ere, kanporaketa alde izanik ez dago onartzerik Valentzia kontraerasora gola egitea.

Halere, taldea ez zen kikildu eta itsu-itsuan bigarren golaren bila joan zen. Baita lortu ere! Sobrinok kanporaketa azkeneko minutuetan berdintzea lortu zuen. Hori poza! Zaleak praketan kabitu ezinik, zoratzen, pozaren pozez. Baina, ausardiak ez zuen gehiagorako eman, nahiz eta merezi.

Luzapenera bi taldeak porrot eginda ailegatu ziren. Baina, batez ere, Alaveseko jokalariak eta horien artean zelai erdian aritu zirenak: Pina, Pedraza, Daniel Torres, Sobrino. Valentziak luzapeneko bigarren zatian bi aukera izan zituen gola egiteko. Baina ez zuten asmatu.

Azkenik, penaltietan erabaki zen kanporaketa. Eta hor kale egin zuten, oso baldar, nekea… baina bi penalti bakar-bakarrik sartu zituzten. Gainera, azkenengoan Sobrinok airera bota zuen ametsa.

Baina dioten bezala, futbolean taldeek galdu edo irabazi egiten dute, baina Alaveseko zaleek beti irabazten dute. Ametsak iraun duen bitartean zoragarria izan da. Orain Bartzelonara irabaztera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago