N-124 errepidea moztuko dute gaur, Berantevillan

Erredakzioa 2018ko urt. 24a, 10:09

Berantevilla eta AP-68 errepidea lotuko dituen egitura jartzeko lanak egingo dituzte. Mozketa gaur gauean izango da; 22:30etik biharko (osteguna) 5:30era bitartean.

Gaur gauean, N-124 errepidearen trafikoa moztu egingo dute tarteka bi norabideetan, Berantevillan. Zehazki, herri hau eta AP-68 errepidea lotzeko jarriko duten gaineko pasabideko habeak jarriko dituzte. Hori dela eta, trafikoa moztuko dute, gaurko (asteazkena) 22:30etik bihar goizeko 5:30era bitartean. Horrez gain, N-2120 errepidetik Logroño norabidean N-124 errepidera sartzeko erreian, berriz, mozketak biharko 22:30etik ostiraleko 5:30ak bitartean izango dira.

Berantevilla eta autopista lotuko dituen goiko egitura jartzeko, lehenik eta behin 15 metro luzera eta bi tonako 20 habe mugitu behar dituzte, eta horregatik erabaki dute trafikoa moztea. Gainera, gauez izango da, ordu horietan trafikoa gutxiago baitago. Horrez gain, eta aurreikusitako lanak egiten diren artean, debekatuta dago garraio bereziko ibilgailuak ibiltzea N-124 errepideko tarte horretatik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago