Krisiaren aurreko diru-bilketa zifrak lortu ditu 2017an Arabako Ogasunak

Erredakzioa 2018ko urt. 23a, 18:45

Arabako Foru Ogasunaren eraikina, Gasteizen.

Arabako Foru Ogasunaren diru-bilketak "zifra historikoak" lortu ditu 2017an: 2.303 milioi euro bildu dira, aurreko urtean baino %13 (265,3 milioi) gehiago.

Diru-bilketaren emaitzek "bete eta gainditu ere egin dute 2016ko urrian aurreikusitakoa, 2.129 milioi euro inguru bilduko zirela kalkulatu baitzen". Gainditu egin dira, halaber, urriko azken aurreikuspenak, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren urteko azken bileran egindakoak –kalkulatutakoa baino 1,33 puntu gorago–. 

"Zifra bikainak ditugu aurrean", adierazi du Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak, eta, gogorarazi duenez, "diru-bilketa historikoa da", gainditu egin baitira 2007ko zifrak ere, krisialdiaren aurrekoak; izan ere, orduan, itundutako zergen bidez, 2.205 milioi euro bildu ziren.

Bi arrazoik eragin dute Arabako Foru Ogasunak halako zifrak lortzea: Batetik, ekonomia itunaren batzorde mistoan Estatuarekin lortutako akordioek; eta, bestetik, Arabako ekonomiaren suspertzeak. Hain zuzen, kupoari loturiko akordioei esker, atzean utzi dira hamar urte iraun duten desadostasunak, eta azken diru-bilketara 98,7 milioi euroko ekarpena egin da. Gonzalezek jakinarazi duenez, "halako zifrarik ez da lortuko datozen ekitaldietan, Estatuarekiko desadostasunak konpondu ondoren egindako eguneratze puntualaren ondorio izan delako".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago