Ardi beltza

Bergoi Madernaz 2018ko urt. 23a, 13:09

"Zergatik ez dugu auzolan handi bat egiten eta euskaraz dugun materiala bertan elkarbanatu? Animatuko al gara geroz eta ardi beltz gehiago izaten?".

Asteburu honetan ardi beltz bat sentitu naiz. GOFE, gaztelaniaz IFBS, erakundearen oposaketak egitera joan naiz, egiten zen bigarren probara hain zuzen. Azkenetarikoa sartu nintzen gelara eta azterketa ea zein hizkuntzatan egin nahi nuen galdetuta, ba tira, euskaraz egingo dut. Ikasi gabe ez dut ezer galtzeko eta.

Hirurehun edo laurehun laguneko gela baten amaieran eseri behar nintzelakoan, ba ez. Aurreko ilarara bidali ninduten eta, ez hori bakarrik, epaimahaiaren ondo-ondoan eserarazi ninduten azterketa euskaraz egin behar genuen sei zoroentzako leku erreserbatu isolatuan. Sei VIP horietatik aulkia berotu zuen bakarra ni neu izan nintzen. Beste aretoetan beste ardi beltzik ote zegoen ezin jakin.

Anekdotikoa ematen duen kasu honek, artalde handi horretan euskalduna nahikotxo markatzen duenak, hainbat hausnarketa egitera eraman nau.

Zergatik euskaldunok ez ditugu oposaketak euskaraz egiten? Lehen esan bezala, nik galtzeko ezer ez nuelaren ustearekin egin nuen euskaraz, lehenengo proba gaztelaniaz egin bainuen. Eta bai, agian ohiturarik ez dugulako edo galdera erantzun batzuk lau edo bost aldiz irakurri behar izan nituelako galtzen atera nintzen. Gainera, amaieran azterketa gaztelaniaz eskatu behar izan nuen erantzun ezin izan nituen galdera batzuei erantzuteko.

Administrazioaren partez ez nuen inolako zailtasunik izan, baina azterketak euskaraz egin daitezen nahikoa bultzatzen dute? Ba ezetz esango nuke. Azterketan bertan hitz klabe batzuekin hiztegitxo bat izatea eskertzekoa litzateke, baita aurrez materiala euskaraz irisgarri izatea ere.

2018. urtea oposaketen urtea izango dela ematen du, kategoria askotako azterketak datoz eta. Zergatik ez dugu auzolan handi bat egiten eta euskaraz dugun materiala bertan elkarbanatu? Animatuko al gara geroz eta ardi beltz gehiago izaten? Zentzu horretan ere gure ohiturak aldatu beharko ditugu, ezta?

Amaitzeko oposaketak egingo dituzuen guztiei zorte ona opa dizuet. Eta animatu ardi beltza izaten administrazioa eta lan mundua euskalduntzen jarraitzeko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago