Azkenengo partidetan ondo aritu da Alaves. Baina joko horrek ez du emaitza onik eman. Izan ere, pasa den asteazkenean Kopan, Valentziaren aurka, partida eskuetan izan zuen. Aukera paregabeak izan zituen markagailuan gol bat baino gehiago izateko. Gero, Ligan, antzeko gauza gertatu baitzen. Bi goleko abantaila partidaren azkenengo minutuetan ezerezean gelditu zen. Leganesen aurkako berdinketak zapore gazi-gozoa utzi zuen.
Beraz, asteazken honetan, dena alde izan behar du talde urdin-txuriak. Mendizorrotza beteko da, zaleak eztarria lehertu arte arituko dira eta, zer esanik ez, jokalariek ahaleginak eta bi egin beharko dituzte kanporaketa gainditzeko.
Ez da erraza izango, ezta pentsatu ere. Baina, kontuan izanik taldea egiten ari den jokoa, baikorrak izateko arrazoiak egon badaude. Batetik, atzealdean sendo ari dira; bestetik, zelai-erdian oso elkarturik aritzen dira eta ez diote kanpoko taldeari aukera gehiegirik ematen jokoaren ekimena eramateko. Azkenik, aurrealdeak nabarmen egin du hobera, Guidettiren fitxaketarekin. Honekin batera, Munir eta Pedrazaren hanketan izango da garaipena. Gol bat besterik ez du behar Alavesek ametsari jarraipena emateko.
Horrez gain, zorte pitin bat ere beharrezkoa izango da. Partida zaila izango da, baina gauzarik garrantzitsuena golik ez jasotzea izango da. Denon burura datorkigu Sevillaren aurka jokatutako neurketa. Bat eta huts nagusitu zen Alavesa. Aukera gutxiagoko norgehiagoka izan zen, eta Alavesek ondo baliatu zuen lorturiko gola. Horixe bera egin beharko da Valentziaren aurkako partidan.
Beraz, ez dago galtzerik, asteazken honetan, urtarrilak 24, arratsaldeko 19:00etan Mendizorrotza "ametsen antzokia" izango da. Zaleek dioten bezala, "ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua".