Araban txotx egiteko garaia, zabalik

Erredakzioa 2018ko urt. 19a, 18:43

"Azken 20 urteetako sagar uztarik onena" jaso dutela dio Arabako Sagar eta Sagardogileen elkarteak.

Aurtengo uzta dastatzen hasiera eman diote Araban sagardoaren denboraldiari. Hitzordua Aramaion izan zen, Iturrieta sagardotegian. Betan, Arabako Sagar eta Sagardogileen elkarteak sagardo berria aurkeztu zuen, ohi bezala, antolatzen duen ekitaldian. Urtero, protagonista berezia izaten du inaugurazioak eta aurten, Alberto Zerain mendizalea omentzeko asmoz, haren senideak eta lagunak izan ziren bertan. Kupelak zabaldu aurretik, Albertoren semeak eta mendiko kide batek Nanga Parbaten hil zenaren omenezko zuhaitza landatu zuten, kanpoan, Anbotora begira.

"Sagar uztarik onena"

Sagardoa dastatzeaz gain, Arabako Sagar eta Sagardogileen elkarteko ordezkari Juanjo Peciñak uztaren kalitatearen berri eman zuen. "Elurrak ez du uzta kaltetu, eta azken 20 urteetako sagar uztarik onena lortu dugu". Beraz, aurten Arabako sagardotegietan egongo den sagardoa "kalitate handikoa" izango dela iragarri dute.

Irudiak: Alex Larretxi

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago