Alavesek bi eta bat galdu zuen Mestallan baina, gutxienez, berdinketa merezi izan zuen. Adore ikaragarria erakutsi eta benetan txalotzeko partida jokatu zuen talde arabarrak. Emaitza ez da txarra eta kanporaketa Mendizorrotzan erabakiko da. Hurrengo asteazkenean futbol-zelaia bete beharko da denon bultzaldarekin finalerdietara igarotzeko.
Lehen minututik argi eta garbi ikusi zen norgehiagokan dena ematera joan zirela Alaveseko jokalariak. Baloiaren ekimena Valentziak eraman zuen. Talde arabarra ondo kokatua zegoen eta presio ikaragarria eginez arriskua sortzea lortu zuen. Lehen zatian hiru aukera oso garbiak izan zituen markagailuan aurreratzeko, baina gutxigatik baloia ez zuen sarean bukatu.
Bigarren zatian partidak lehenengo lepotik burua jarraitu zuen. Valentziak lerroak aurreratu zituen gola lortu ahal izateko. Baina halako batean Sobrinok areaz kanpotik jaurtiketa bikaina egin zuen huts eta batekoa markagailuan jartzeko. A zer-nolako gola! Zoragarria! Alavesa puztu egin zen eta zenbait minututan nagusi izan zen.
Halere, Mestallako taldeak zortea du, zer esanik ez. Banako berdinketa arriskurik gabeko jokaldi batetik etorri zen. Guedes Valentziakoak erdiraketa itxia egin, atzelariak desbideratu eta Sivera Alaveseko atezainak bere atean sartu zuen baloia. Ze pena!! Handik gutxira bigarrena Rodrigok egin zuen.
Azkenengo minutuetan Alavesek hamar jokalariekin jokatu zuen, epaileak Dieguez kanporatu zuelako. Halere, talde arabarra ez zen kokildu eta kontraerasora behin eta berriz atera ziren.
Emandako irudia oso ona izan zen, azkenengo partidetan bezalaxe. Beraz, ezbairik gabe, esan genezake ametsak bizirik darrai.
Goazen, goazen Glorioso!!!