Ligan ondo bidean, eta Kopan gozatzera

Ibon Gorrisi 2018ko urt. 17a, 10:09

Alavesek garaipena lortu zuen igandean, Sevillaren aurka. Gaur, Valentzia izango du aurka, Kopan.

Igandean partida gogorra jokatu zuen Alavesek. Sendo atzealdean eta distirarik gabe aurrealdean. Orain taldeak jakin badaki golik ezin duela jaso, eta aurrealdean aukera txikiena ere baliatu behar duela markagailuan aurrea hartzeko. Horixe egin zuen talde arabarrak Sevillari nagusitzeko.

Urrezko hiru puntu horiek balio izan dute jaitsiera postuetatik libre izateko, eta Kopari begira ametsari jarraipena emateko. Valentzia aurkaria izango da asteazken honetan. Ezin hobeto dabil talde valentziarra. Ez du zirrikiturik uzten, eta etxean oso gol gutxi jasotzen ditu. Horren ondorioz, hor dugu Ligan hirugarren postuan.

Zelai-erdian oreka lortu du, batetik, oso jokalari trebeak ditu jokoa banatzeko eta, bestetik, langileak aurkariaren jokoa desegiteko. Aurrealdean ere denboraldi paregabea egiten ari dira Rodrigo, Zaza eta Mina.

Halere, Valentzia modan dagoen taldea baldin bada, esan genezake Alavesek zortea izan duela zozketan. Izan ere, talderik ahaltsuenak saihestu egin zituen, Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madril, alegia. Gainera, lehenengo partida Mendizorrotzatik kanpo jokatzeak ere abantaila izan daiteke.

Ametsa, ilusioa, poza, alaitasuna, sentimendu horiek guztiak elkartuko dira kanporaketa honetan. Azkenengo neurketetan ondo ari da taldea, ondo bidean, zuri-gorrien aurka egindako partida kaxkarra salbu. Beraz, garrantzitsuena golen bat egitea Valentzian, gerora Mendizorrotzan, zaleen laguntza paregabearekin, aurrera egiteko. Baietz, bada!!!  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide