Hezkuntzako sindikatuek aste osoko grebak jarri dituzte mahai gainean

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2018ko urt. 12a, 11:30

Eusko Jaurlaritzak euren eskaerak onartu ezean, ELAk, LABek eta Steilasek mobilizazioak indartuko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. Familiak "bahitzea" leporatu die Uriartek.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek hordagoa bota diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Datorren asterako deitu asmo dituen negoziazio mahaietan euren aldarrikapenei erantzun zehatzak eman ezean, martxotik aurrera mobilizazioak indartuko dituzte. Greba egingo dute martxoaren 14an eta 15ean eta ekainaren 12an Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko beharginek. Apiriletik aurrera sektoreka joko lukete grebara: irakasleek, apirilaren 23ko astean; heziketa bereziko beharginek, maiatzaren 7koan; sukaldariek eta garbitzaileek, 21ekoan; eta Haurreskolak partzuergoan, ekaineko lehen astean. Horrez gainera, martxoaren 2an hasita, ostiralero, elkarretaratzeak egingo dituzte ikastetxeetan, eta hezkuntza komunitateari egin diote parte hartzeko deia.

Sindikatuek aitortu dute joan den abenduko sektorekako bileretan gobernuak euren eskaera batzuei erantzun ziela, baina "modu oso partzialean". ELAko ordezkari Miren Zubizarretaren esanetan, Jaurlaritzaren proposamenak "oso urrun" daude aldarrikapenetatik. LABeko kide Aitor Nuñezek azaldu du irakasleen mahai sektorialetik "baikor" atera zirela. "Ikusi genuen Jaurlaritza jarrera aldatzen hasi zela, mugitu egin zela immobilismotik. Negoziatzen jarraitzeko abiapuntua genuela pentsatu genuen. Orain negoziatu egin behar da".

Mobilizazioekin hasi zirenetik egin dituzten aldarrikapen zerrenda gogoratu dute: besteak beste, lantaldeak handitu, behin-behinekotasuna %6ra jaitsi, ikasle ratioak apaldu, ordezkapenak lehen egunetik egin eta gaixoaldiak osorik ordaindu. Steilaseko ordezkari Ana Perezek bakarrean laburbildu ditu: "Azken batean, hezkuntzako inbertsioa handitzea eskatzen dugu. EAEko gaur egungo inbertsioa BPGaren %3,5 da, eta gutxienez Europako Batasuneko batezbestekora igotzea nahi dugu: %4,7ra. Azken urteetan murrizketa itzelak egin dira, eta 2009ko egoerara bueltatzea eskatzen diogu". Inbertsioa handitzean, beste eskaerei erantzuteko moduan egongo dela uste du.


Neurriak eta egutegia


Jaurlaritzari ohartarazi diote Espainiako Gobernuak ezarritako mugak ezin dituela argudio modura erabili. Perezek esan du neurri horiek EAJren babesarekin onartu zirela. "Eurena ere bada erantzukizuna. Eta badaude Madrilek inposatu ez dizkien baina eurek indarrean jarri dituzten neurriak ere". Nuñezek gehiago eskatu die: "hezkuntza arloko eskumenen %100 lortzeko borroka" egin dezatela. Gogoratu du hiru sindikatuak hezkuntzan alorrean «erabateko subiranotasuna» lortzearen alde daudela.

Zubizarretak ez ditu euren mugak zein diren zehaztu gura izan; ez du esan nahi izan zerbaitetan amore emateko prest dauden. "Horiek dira gure aldarrikapenak, eta horiek nahi ditugu". Hala ere, Nuñezek aitortu du "beste neurri sendo batzuk" proposatuz gero, eskaera batzuk sakrifikatzeko prest egon daitezkeela, eta Heziberri eta LOMCE aipatu ditu. Perezek egutegi bat ere eskatu du: "Akordioaren aurretik adostutako neurriak indarrean noiz sartuko diren ere zehaztu beharko da".

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gogor erantzun dio mobilizazio deialdiari: "Onartezina da hezkuntza publikoaren aldeko apustua egin duten familiak bahitzea, lan arloko aldarrikapenetarako". Esan du ez zuela horrelakorik espero:"Azken bileren ostean ikusi genuen harrera ona egin zietela gure proposamenei. Haien ustez, negoziatzeko oinarriak zeuden".

Gogoratu du bilera hartan adostu zutela urtarrilean berriro batuko zirela, orduan egindako proposamenak elkarrekin aztertzeko eta eztabaidatzeko. "Bileretarako deialdia jaso ere egin gabe deitu dute mobilizazioetara. Argi geratu da ez dutela negoziazio mahaian sinesten". Aukeratutako datak ere txarretsi ditu: aurrematrikulazio sasoia eta azken hiruhilekoa. "Ikasleek sufrituko dute kalte gehien".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago