2017an Arabako museoek bisitari gehiago izan dituzte. Guztira, 113.889 bisitari jaso zituzten iaz, %22'9 gehiago; inoiz lortu duten kopururik handiena da. Kanpoko bisitariez gain, lurraldeko museoak bisitatzen dituzten arabarrak ere gero eta gehiago direla azaldu du Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak.
Aurten ere nabarmentzekoak dira Bibat-ek, Arkeologia museoak eta Fournier museoak lortu dituzten datuak. Bigarren urtez, hazkuntza handiena izan duten museoak izan dira, 2016an baino %20 gehiago, hain zuzen. Arte Ederren museoak ere ikusle gehiago izan ditu aurten, batez ere, Ignazio Diaz Olanoren inguruko erakusketari esker. Natur Zientzien museoak, Arma museoak eta La Hoya eta Iruña Veleiako aztarnategiek lortu dituzten datuak ere positiboak izan dira.
2018an, ordutegi zabalagoa
Iazko emaitzak onak izan arren, Arabako museoek ordutegi zabalagoa izango dute hemendik aurrera. Hala, larunbat arratsaldeetan ere egongo dira zabalik, 16:00etatik 18:30etara.
La Hoya eta Iruña Veleiako aztarnategietan ere berrikuntzak izango dira, eta, aurrerantzean, larunbatetan asteartetik ostiralera bitarteko ordutegi bera izango da, ixteko orduan izan ezik, 19:00etan itxiko baitute, eta ez 20:00etan. Neguan, (urria-apirila), aztarnategietan ordutegi murriztua izango da, 11:00etatik 15:00etara; aurrerantzean, ordea, igandeetan ere irekita egongo dira.