alea.eus

Alaves: Ligan ezerezetik, Kopako ilusiora

Ibon Gorrisi 2018-01-10 10:19   Kirola  Araba

"Ligan azken postuetan, baina Kopan ilusioz beterik, gaur Mendizorrotzan zaletuek gozatzeko aukera izango dute. Ez hori bakarrik; ametsak egiteko. Zergatik ez?"

Ai zer nolako partida kaxkarra jokatu zuen Alavesek! Ia mila zale hurbildu ziren pasa den igandean Bilbora. Beste batzuek uko egin zioten joateari sarreren prezioak zirela eta; arrazoia ez zaie falta, gehiegikeria baita jende gaztearentzat berrogeita hamar eurotik gora ordaintzea.

Halere, taldeak ez zien ezertxo ere eskaini zaletuei, bertaratutakoei zein telebistan ikusi zutenei. Ze pena! Partida, egia esanda, kaxkarra izan zen. Ez talde bat ez bestea ez zen hiru pase jarraian emateko gauza izan. Faltak izan ziren nagusi. Alavesek zelairatu bezain pronto ideia argia zuen; markagailua hutsean uztea, alegia. Baina, aldagelan esandakoa berehala pikutara joan zen, Athletic-ek gola sartu zuelako.

Hortik aurrera, ezer gutxi. Nahi eta ezin. Ezin hiru pase baino gehiago eman zuri-gorriek jokoa berehala mozten zutelako. Lehenengo zatian talde arabarrak ia-ia ez zuen jaurtiketarik egin atera. Erasoan ez zuten ezer proposatu, ez zuten ezta aukera txikiena ere arriskua sortzeko.

Bigarren zatian, lehengo lepotik burua. Abelardo entrenatzaileak aldaketak egin zituen taldeari bizkortasuna emateko. Baina alferrik, ez zuten ezertxo ere lortu. Athleticek bigarren gola egin zuen eta akabo fandangoa. Epaileak penaltia adierazi zuen eta, nola ez, Adurizek ez zuen hutsik egin. Dena dela, esan beharra dago, ezbairik gabe, ez zela penaltia izan. Baina gauza horiek ere Alavesek normalean kontra izaten ditu. Punturik gabe, zaletuak burumakur eta gainera eguraldi txarrarekin bueltan etxera. Horrez gain, berriz ere jaitsiera postuetan.

Ligan azken postuetan, baina Kopan ilusioz beterik, gaur Mendizorrotzan zaletuek gozatzeko aukera izango dute. Ez hori bakarrik; ametsak egiteko. Zergatik ez?

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Izan zaitez ALEAkide.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa