'De Miguel auziaren' epaiketa 2018ko urtarrilaren 8an hasiko da Arabako Probintzia Auzitegian, Arabako fiskaltzak Efe agentziari konfirmatu bezala. Denera, 26 lagun daude auzipetuta, guztiak Arabako EAJko alderdikide ohiak, tartean, De Miguel bera, Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatu ohia; Aitor Telleria ABBko kide ohia eta Koldo Otxandiano Arabako burukide eta Arabako Ongizate Institutuko zuzendari izandakoa. Orotara, 450 urte baino gehiagoko kartzela zigorrak eskatu ditu fiskalak; De Miguelentzat 54 urte eta 9 hilabetekoa, eta legez kanpoko komisioak kobratzea, kapitalak zuritzea eta eragin-trafikoa leporatzen dizkiote, besteak beste.