5.500 zuhaitz landatu dituzte Uribarrin, iragazki lana egiteko

Erredakzioa 2018ko urt. 2a, 11:23

Urtegian bizi diren hegaztien habitata ere hobetuko da zuhaitz landaketa honekin.

Bertako 5.500 zuhaitz espezie landatu ditu Aldundiko Ingurumen Sailak Uribarri Ganboako urtegiaren inguruan. Hala, sortu berri duen gerriko berde hau iragazki naturala izango da, eta horri esker, uraren kalitatea hobetuko du.

Zehazki, ibaiertzeko espezieak landatu dituzte, hala nola lizarrak, zumeak, zurzuriak eta makalak uretatik gertuen dauden guneetan, eta erkametzak, arteak, elorri zuriak eta elorri beltzak eremu lehorragoetan.  "Asmoa da iragazki ekologiko bat sortzea, urtegiaren inguruko nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak sortzen dituen substantziak eta konposatuak atxiki, iragazi eta araztuko dituena", azaldu du Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak. 

Hegaztien habitata hobetu

Era berean, urtegia bizileku finkotzat edo aldi baterako bizitokitzat duten hegaztien habitata hobetuko da, eta narriatuen dauden eremuak itxuraberrituko dira. Izan ere, hainbat espezie mehatxaturi ostatu ematen dio urtegiak. Guztira 25 espezietako 3.700 ur hegaztik baino gehiagok urtegi horretan ematen dituzte neguko hilabeteak, eta urtero 456 bikote ugaltzaile ur horietan lekukotzen dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide