Urtekaria 2017

Lorpen txiki ugari

Olatz Alonso 2018ko urt. 2a, 11:20

"Emakumezkoen kirola lehen planora eraman du Araskik, euren filosofia aldatu gabe"

Kirolean arrakastak domina eta tituluetan neurtzen dira. Alde horretatik, garaipen handirik egon ez dela esan daiteke, baina badira beste lorpen batzuk, txikiak direla uste genezakeenak, baina bere garrantzia badutenak. Esango nuke horietakoak dexente izan ditugula 2017an eta harro egon gaitezke.

Alaves bere historiako bigarren finalera heldu zen, Errege Kopara, Lehengo Mailara itzuli zen urtean. Ilusio bikoitza zaleentzat. Urte latzen ostean, zale babazorroek zaletasun lekzio itzela eman zuten denboraldi osoan zehar. Bereziki finalaren egunean osatu zuten kalejira erraldoiarekin, eta, nahiz eta irabazi ez, partidua amaitu ostean animatzen jarraitu zutenean. Titulurik ez, baina askoren oroimenean iltzatuta geratuko diren momentuak.

 

 "Emakumezkoen kirola lehen planora eraman du Araskik, euren filosofia aldatu gabe"

 

Araskik antzeko denboraldia izan zuen. Elitean estreinatu eta final aurreko guztietara heldu ziren gasteiztarrak, eurekin batera zale talde nekaezin bat eramanez. Baina Made Urietak eta bere jokalariek lortutakoa handiagoa da. Emakumezkoen kirola lehen planora eraman dute, euren filosofia aldatu gabe: talde eta harrobi-lanari garrantzia ematen, kantxan zein kanpoan. Urteetako lan gogorraren emaitza eta aurrerapen itzela Araskiren inguruan sortu den elkartasuna. Emakumezkoen kirolak, apurka, merezi duen arreta bereganatzeko beste pauso bat, Alavesek nesken taldea sortzeko hartu duen erabakiak indartzen lagunduko duena. Baina ez dezagun ahaztu urteak direla Gasteizen Bigarren Mailan aritzen diren bi futbol talde ditugula, Aurrera eta Gasteizko Neskak.

Txirrindularitzatik ere aldaketak ematen ari dira emakumeentzat. Movistar taldeak talde berria sortu du 2018rako eta Lourdes Oiarbide, Espainiako erlojupeko txapelduna, kideetako bat izango da. Guztiz profesionala den estatuko emakumezkoen lehen taldean jarraituko du arabarrak bere gaitasunak garatzen. Movistarren ere Mikel Landa arituko da, taldeko buru izaten Quintana eta Valverderekin. Segundu bakar batek utzi zuen murgiarra Tourreko podiumetik at Sky taldeak indar guztiak Chris Froomen garaipenari zuzentzeko erabakia hartu zuelako. Eta hala eta guztiz ere, itzuliko onenen artean egon zen; ikusteke dago eman dezakeena, eta baliteke 2018a bere urtea izatea. Talde eta aukera berriak.

Hala ere, dena ez dira ospakizunak izan. Uztailean Alberto Zerain Nanga Parbaten desagertu zelan jakin genuen. Huts nabarmena utzi zuen gasteiztarrak mendizaleen artean. Ehunka lagunek txiki utzi zuten Europa Jauregia haren omenezko ekitaldian. Izaera nabarmendu zuten lorpenen gainetik, argi utzi zuten zenbateraino zen estimatua Zerain. Hori, ere, harro egoteko arrazoi bat da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide