Urte amaiera da, balantzea egiteko ordua. Zenbat eta hitz gutxiagorekin laburbildu, hainbat eta hobe. Hitz bakar batekin bada, are hobeago, hitz horrek dena esango baitu. Guztia adierazten zuen hitza postegia izan zen orain urtebete eta ordutik hona hainbat post ezberdin ezagutu ditugu: post Brexit edo post ETA esaterako. Guztiek jakinarazten dute aro berri bat hasten dela, haustura bat aurreko egoerarekin.
Esango nuke Arabak ere baduela bere post partikularra. Garoña amets gaizto bat besterik ez da, zorionez. Hain gertu genuen mehatxu nuklearra desagertu da. Abuztuan Espainiako Gobernuak erabaki zuen amore ematea. PP kenduta beste alderdi guztiak zentral nuklear zaharrena ixtearen alde azaldu ziren, Arabako erakundeak eta herritar gehien-gehienak bezala.
Enpresaren jabeen artean ere –Endesa eta Iberdrola– adostasunik ez zegoen eta Bizkaiko Aldundian zergak uzten dituen Iberdrolak hordagoa eman zion Endesari. Ez zuen aurrera egin nahi kostu ekonomikoak izugarriak zirelako, besteak beste. Izan ere, zentrala berriro martxan jartzeko milioi askoko inbertsioa derrigorrezkoa zen. Aitzakia? Jeltzaleen eta euskal erakundeen presioak? Kontua da post Garoñaren aroa ireki zela udako oporraldiarekin batera.
PP beti egon da deseroso Garoñarekin. Hemen aurka eta han, Madrilen, alde, eta hori hala izanik hemen hango errelatoa (hitz hau ere apuntatu beharko dugu urteko zerrendan) justifikatu behar. Bai eta ez, aldi berean. Post Garoñak buruko min hori kendu dio. Arazo bat gutxiago jeltzaleekin akordioak egiteko, Kongresuan, Gasteizko Legebiltzarrean eta baita Aldundian ere. Horrek beti laguntzen du borondatea dagoenean.
Urtaran alkatearekin ere saioren bat egin dute, eta ematen zuen akaso gai izango zirela aurrekontuetan ados jartzeko, Ramiro Gonzalezek Aldundian egin duen bezala. Baina ez, bigarren urtez jarraian aurrekontuak ez dizkiote onartuko alkate jeltzaleari. Oraingoz Urtaran gusturago dago 2025. urterako aurreikusten duen Gasteiz hiriarekin. Aurkeztu du jendaurrean, baina bakarrik dago amets horrekin. PPk, oposizioko beste alderdiek bezala, bizkarra eman dio. Egotzi diote besterik aurkezteko ez duela eta hauteskunde usaina hartu diote egitasmoari. Zer izango ote da datorren urteko abenduan, hauteskundeetako bost hilabeteren faltan? Hasi da, jada, errelatoen guda.