ARF, Jazzaldia, Gasteiz Calling…. Jaialdiz jaialdi idazten da Arabako partitura, urtean zehar Helldoradok eta Jimmy Jazzek babestuta. Baina hori ez da melodia guztia, taldez betetako lokalak, diskoak eta tabernetako oholtzak adi entzuten baditugu. 2017an bi iritsi berri: M-Fest eta Mendialdea Music Festival. Azpimarratzeko beste bi kontu: Mursegok gidatutako %100 Oion proiektua eta instrumentuak biltzeko Udal Musika Eskolaren kanpainia. Gure aurtengo izarra: Pela Ramone bidaiaria. Eta zuzenekorik ahaztezinenak: Red Kross Helldon, Woman to Woman Jazzaldian eta BTX Errekaleorren. Nahia: Jazzaharrean bueltan izatea.
Nazioarteko Antzerki Jaialdia, Araia, Kaldearte… Topaketa batetik bestera margotzen da oholtza. Teloiko itzaletan sortu diren zerrendan, Sorberrien Programa Araian edota Baratzan Dantzan Fest Gasteizen, baina azpimagarriena antzerkigintzan sendotzen ari den sarea (Intacto, Zurrunbilo, Danzalava…) eta konpainien zein proposamenen aniztasuna. Ainhoa Santamaria (Max saria) jaien pregoilaria izatea, horien guztien hizpide. Baita Hala Bediko Kakatzarra saio berria. Gozatu dugun antzezlanen bat: La ternura.
Mazoka, Inmersiones, Jo!Fest… Nahiz eta gero eta gehiago izan, jaialdia ez da arte arloan formaturik klasikoena. Sortzaileak espazioetan biltzen dira. Galeriak itxi eta ireki, eta gogotsuenen artean Espazioa, Zas eta Artgia egon dira. Artium gero eta txukunago betetzen ari da kultura-gune papera, baina museo moduan Iñurrietaren erakusketa ere azpimarra daiteke, Arte Ederretako Diaz de Olanori buruzkoarekin batera. Gasteizko muralen eztandak ez du etenik, eta zer esan Joseba Elorzaren lanaz. Green Day-ren bideoklipa sinatu du!
Eva Saenz de Urturiren best-sellerrez gain, literaturan bada bizitzarik. Poetak Maiatzean hazten doa, Gazte Hitzak programak tinta berriak bultzatu ditu, Gasteizko argitaletxeak jo ta ke ari dira lanean… Arlo honetan inon baino gehiago zaindu behar dugu publikoa, eta irakurle-klubek, liburutegien lanak eta liburu-truke azokak txalorik handiena merezi dute urtero. Saltzaileek, bitartean, azoka estreinatu dute. Tituluren bat? Vitorianos argazki-liburu kolektiboa erabakiko dugu. Argazkigintzak ere ez du atsedenik, World Press Photo ikurra, Koldo Mendaza aurtengo lanaren protagonista.
Baina 2017an protagonista zinea izan da. Errementari, Handia-ren errodajea eta, batez ere, Vitoria, 3 de marzo (M3-aren inguruan S.A.-k egindako abestia eta prestatzen ari den emakumeei buruzko liburua ahaztu gabe). Zine-eztanda ulertzeko, aurreko lana ezinbestekoa da: Jose Luis Ramosen zabaltzeko pasioa, Cortada, Begibistan edo Korterraza jaialdiak, Sonora Estudios… Gaztefilm jaialdi berria edo Gasteiz Film Oficce-ri eman nahi ote dioten bultzada fotograma horretan jarraitzeko bideak izango dira?
Kultura ezin da bakarrik arloz arlo aztertu. Sormena gizarteratzeko orduan, eragile ugari daude. SolasAlean elkarrizketetan artistak gertutik ezagutzen ditugu, sormena pizteko beti prest dagoen Oihanederren, eta ildo beretik doaz Rockomunikazioa Artiumen; Principaleko topaketak; edota Zuloan (30 urte beteta, zorionak!) antolatzen diren hitzaldiak.
Artista eta publikoa elkartzea funtsezkoa da. Eta artisten lana babestea. Proiektu asko instituzioek babestuta baino ezin dira bizi. Gobernuen ardura da makroespejismoak (zenbakiturismo mantra) saihestea eta, aldi berean, publikoa zaintzea. Dirurik ez badauka, nola gozatuko du kulturaz? Denon lan-duintasuna ere kultura da.
Txisteratik ateratako proiektu erraldoiak asmatu arren (Kreaz ikasi dugu?), aurreko horiek guztiak (eta...) dauzkagu. Pintura batengatik milioiak ordaintzen dituztenean, mina sentitzen dugu. Gizon-emakumeak artelanik onenak garelako. Beti sortze-prozesuan. Inprobisatzaile. Polit, itsusi. Benetako.
Datorren urtetarako kultura-ametsa: markesinetan, autobusetan, tranbietan… Arabako sortzaileen lana. Eta marketinez beteta ailegatzen zaizkigun horiek bigarren planoan, figurante. Barneko gure kultura-turista bihurtuko gara? Makroa bilatzeak ez dauka zentzurik. Ez hemen, ez inon. Benetako altxorra ez dago ezkutatuta. Ikusgai dugu egunero. Gasteiz osoa kantatzen du BTX-ek. Gure altxorra mikroa da. Mikrohandia.