Euskal herritarrok eta, batez ere, arabarrok bederatzi urte luzeko zuzengabekeria larri bat baimentzen ari gara.
Xehetasunak www.veleia.fontaneda.net web-gunean ikusgai daude:
2006-Iruña-Veleiako aztarnategian idazkunak zituzten pieza batzuk aurkitu zituen Lurmen talde arkeologikoak, zenbait euskaraz.
2008-Euskal Herriko Unibertsitateko katedradun batzuek falsutzat jo zituzten idazkunak, batere frogarik aurkeztu gabe, beren teorietan eta iritzietan bakarrik oinarrituz.
2008-Arabako Foru Aldundiak Lurmen bota zuen aztarnategitik.
2009-Aldundiak salaketa aurkeztu zuen Epaitegian Eliseo Gil zuzendariaren aurka, aizunketa leporatuz. Jarraian aztarnategiko zuzendaritza Unibertsiteari eman zion.
2017-Zortzi urte luze ondoren, azkenean epaileak maiatzean bukatu du instrukzioa eta Arabako Probintzia Auzitegiari eman dio kasua, epaiketa egitea ala artxibatzea erabaki dezan. Auzitegiak dagoeneko zortzi hilabete luze daramatza tutik esan gabe,... frogen bila edo.
Auzitegia ez al da ohartu Iruña-Veleian frogarik badagoela? Laurehun, alajaina: aurkitu zituzten laurehun piezak. Epaitegiak babestu behar balitu ere, Auzitegiak beste toki batean aurkituko ditu, alderdi salatzailearen eskutan!, Aldundiaren BiBat museoan ezkututa.
Dena dela, nahikoa du pieza gutxi batzuk nazioarteko bizpahiru laborategi ospetsutan idazkunak noiz egin ziren ebazten duten azterketa zientifiko azkar eta merkeak eginaraztea... eta kito.
Zuzengabekeria hau amaitzea eskatzeko, Gasteizen ostegunero arratsaldeko 8etan Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egiten da eta arabar guztiok zaudete gonbidatuta.
2018, Eliseo Gilen birgaikuntzaren urtea. Bada garaia!