Aurrekontuak aurrera atera dira EAJ, PSE eta PPren bozei esker, hiru alderdiek sinatutako akordioaren ondorioz. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azpimarratu du Arabari "egonkortasuna" emango dion aurrekontua izango dela. PPk defendatu du aurrekontu "sozialagoa eta errealistagoa" dela eta "pertsonari" begiratzen diola. Sozialistek ildo berean hitz egin dute, eta diru partidak "sozialak" direla esan dute.
Aurreko bi urtetan, EH Bildurekin adostutako akordioei esker onartu zituzten aurrekontuak Araban. Oso kritiko azaldu da EH Bilduko bozeramailea Kike Fernandez de Pinedo onarturiko aurrekontuarekin: "Politika neoliberalek irabazi dute eta, horren ondorioz, eskuinera begiratzen dute, arlo sozialean atzera egiten dute eta politika klientelarrak eta kontserbadoreak bultzatzen dituzte".
Podemos taldeko eleduna Arantza Abeziak ere kritikatu du 2018. urterako onartu dituzten diru partidak, eta nabarmendu du "atzera egitea" ekarriko dutela arlo sozialean. "Ezetz esan diegu aurrekontu hauei. Hau ez da Arabak behar duena, eta ikusiko dugu hurrengo urtean, ezbairik gabe eta zoritxarrez" esan du Abeziak.
Arabako Batzar Nagusietan egin dute gaur urteko azken osoko bilkura, eta 2018rako aurrekontuak onartu dira. Kalean, protestan, gizarte-interbentzioko langileak egon dira, kalitatezko zerbitzu publikoen alde.