Arabako Ogiak kontsumitzaileen artean lortu duen batezbesteko nota 7,6 izan da. Urrian saldu zituzten bostehun eta seiehun ogi biribil artean Urizaharreko Alonso Okindegiak, Artepanek, El Talok, Panificadora Alavesak eta Panificadora Gorbeak. Gari ekologikoa erabili zuten okinek, Villambrosako, Saratsuko eta Haraneko nekazariek ereindako tokiko hazietakoa, eta Arabako errotetan ehotzi zuten.
Ondoren, 232 kontsumitzaileri inkestak egin zizkieten, eta aste honetan aurkeztu dituzte emaitzak. Jose Ramon Mauleon EHUko soziologoak adierazi duenez, jasotako emaitzak oso positiboak dira: "Erosleen heren bati izugarri gustatu zaio Arabako Ogia". Hala, %34,1k esan du aldizka erosiko lukeela, eta %43,6k noizean behin hartuko lukeela. Kontsumitzaileek ogiaren zaporea nabarmendu dute bereziki. Ezaugarri hori da, hain zuzen ere, ogia aukeratzeko garrantzitsuentzat jotzen dutena. Horrez gain, kontsumitzaileek nabarmendu dute produkzioa ingurumenarentzat jasangarria izatea, ekologikoa hain zuzen, eta baita bertokoa izatea ere.
Trebiñuko Iudari elkarteak Arabako Ogia merkaturatzeko proiektua urte honen hasieran martxan jarri zuen, eta, EH Bilduk bultzatuta, Diputazioaren laguntza ekonomikoa eta babesa lortu zituen. Hala, apiriletik hasita ogiaren fase guztiak –ereitea, ehotzea eta lantzea– Araban, tokiko haziekin eta modu ekologikoan egin dituzte.
Ekimen pribatuaren esku
Oihana Garcia Iudari elkarteko kidea baikor agertu da egitasmoak izan dezakeen garapenari buruz: "Helburu nagusia sare bat sortzea zen, herrialdeko nekazariek, errotariek eta okinek elkarlanean aritzeko, eta uste dut lortu dugula". Halaber, frogatu dute Arabako Ogia "bideragarria" dela, eta kontsumitzaileek arrazoia eman diete gari ekologikoa erabiltzeko apustuan.
Orain, Arabako ogiko lehen aleak egiteko bildutako eragile pribatuen esku geratzen da egitasmoak aurrera egitea, baina Garciak adierazi du "gauzak mugitzen" ari direla, eta administrazioaren laguntza beharko dela azpimarratu du.