Gabonak 2017

Olentzero: euskal Papa Noela?

Itsaso Estarrona 2017ko abe. 23a, 07:00

Asko aldatu da Olentzero azken hamarkadetan; tripaundi mozkorti eta zabar samarra zena "papanoelizatzen" ari dela ohartarazi du Oier Araolaza antropologoak

Ume gehienek kantatzen duten bertsioan, "entendimenduz jantzia" dagoen norbait da Olentzero; baina badago kantaren beste aldaera bat –oraindik abesten dena–, kontrakoa dioena: "Olentzero, buru handia, entendimendu gabea...". Ondo jasotzen du azken horrek garai batean Olentzero izan zena. Izan ere, asko aldatu da Gabonetako pertsonaia XX. mendearen hasieratik gaur egunera; horren berri eman du Oier Araolaza antropologo eta dantzari eibartarrak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.

 

Oier Araolaza dantzari eta antropologoa, Oihaneder Euskararen Etxean (arg.:I.E.).

 

Egiari zor, guztiz argitu gabeko enigma bat da Olentzeroren jatorria. Hipotesi zabalduenaren arabera, kristautasuna baino lehenagokoa da tradizioa, neguko-solstizioari lotutakoa. Urtaro berriari hasiera emateko, enbor bat erretzen zuten Gabon gauean. Europa osoan zabaldutako erritua zen egur-zatiarena. Araban, antzeko ohiturak daude urte amaierako festetan: Galerre (Agurain, Dulantzi), Kalerre (Ullibarri-Ganboa), Putierre (Amarita) eta Porrondoko (Agurain), baita Mañak eta Martxoak ere (Arabako Errioxa). 

Kondaira: menditik, jentila

Denborarekin, enbor hori pertsonaia mitologiko bilakatu zen, jentilen figurari lotuta. Kondairen arabera, kristautasuna euskal bazterretara iritsi zenean, jentil paganoak mendietatik jaitsi ziren Jesusen jaiotzaren berri emateko. Jentil horietako bat zen Olentzero, izen ugari hartu dituena –Olentzaro, Orentzaro, Orantzaro eta Onentzaro–. Lehen aipamen idatzia XVII. mendean egin zuen Lope Isasti historiagileak (Lezo, 1565-1626).

Bilakaera ugari tartean, XX. mendearen hasieraraino iritsi zen. Gerra zibilaren aurretik, Nafarroa eta Gipuzkoako ipar-ekialdera zabaltzen ziren harekin lotutako ospakizunak; kostaldean, Zarautz, Zumaia eta Getaria inguruan ospatzen zuten. 

Geroagokoa da Euskal Herri osora egindako zabalpena. Lesakako eredua oinarri, Iruñean hasi ziren tradizioa indarberritzen, artean debekatuta zegoen garaian. 1959an egin ahal izan zuten lehen aldiz kalejira. Bultzada nagusia, dena den, ikastolen mugimenduak eman zion 1970eko hamarkadan. 

 

Olentzero-kalejira Iruñean, 1968an (arg.: artxiboa). 

 

Ikazkin... edo arrantzale

Harrezkero, mende hasierakoaren oso ezberdina zen Olentzero, Oier Araolazak azaldu duenez. 1930 inguruan ez zegoen hura irudikatzeko modu bakar bat, eta ospatzeko moduan ñabardurak zeuden leku batetik bestera. Ikazkinaren eredua Lesakatik hartutakoa da, baina kostaldean eta beste toki batzuetan arrantzalea zen. Hala aipatzen da kantuetan: "Olentzero, begi gorri, non harrapatu dek arrain hori...". Dantzari eta txistulari gisa ere irudikatzen zuten. 

Bertsioak bertsio, han eta hemengo Olentzerok bazituen, funtsean, ezaugarri komunak: "Ez zen pertsonaia umezale, atsegin eta goxoa, baizik eta ia-ia kontrakoa: zakarra, zabarra, mozkortia eta tripontzia; ogro samarra zen, eta umeei beldurra emateko erabiltzen zuten maiz".

Bere irudikapena ez zuten hezur-haragizko pertsonen bidez egiten: "Lau trapu zahar hartu, eta panpin bat egiten zuten; ez zegoen hari itxura txukun eta gozorik emateko borondaterik". 

 

Olentzero Oiartzunen, XX. mende-hasieran (arg.: Bernardo Oñativia). 

 

Oparirik ez: eske-errondak

Festaren protagonistak nerabe eta gaztetxoak ziren: irudia hartuta, kalez kale eta etxez etxe joaten ziren eske-errondan. Lortu beharreko zerbait ziren opariak, "ez tximiniatik edo Ipar Polotik iritsitako zerbait". Aitzitik, gaur egun "jaia infantilizatu dugu". "Ume txikiak jarri ditugu festaren erdigunean, eta jarrera aktibo haren ordez pasibotasuna gailendu da; ezer egin behar izan gabe datozkigu opariak". 

Egungoa bezalako kabalkada- edo desfile-eredurik ez zegoen, bestalde. "Musika eta kolore ikusgarriz beteta, kontsumitzeko ikuskizun bilakatu dira garai bateko errondak". Araolazaren hitzetan, "eredua disneylizatu" dugu. 

Noiz itxuraldatu da, bada, Olentzero? Azken mendeko mundu-mailako joera baten eraginez gertatu da, Araolazaren ustez: festen merkantilizazioa, alegia. "Duela mendebete, merkataritza-industria konturatu zen festak oso aukera ona zirela produktuak saltzeko;  ordutik, ohiturak baliatu ditu gehiago saltzeko, eta, asmo horrekin, eztitu egin ditu; guk, gainera, jokoa jarraitu diogu".

Papa Noeli ere gertatu zaio. Jatorriz, San Nikolas ospatzen zen (eta ospatzen da) Europa osoan, abenduaren 6an edo aurreragoko egunetan. Umeek santua ateratzen dute eske-errondan, goxokiak eta oparitxoak jasotzeko. Araban, El obispillo izenez ezaguna da tradizioa. Ohitura hori AEBetara iritsi zenean, "merkataritza-industriak pertsonaia eraldatu zuen, eta Papa Noel izatera igaro zen San Nicolas", azaldu du Araolazak. "Erlijioarekin lotutako alderdiak baztertu, eta sekularizatu egin zuten, iruditeria magiko batekin lotuz".

'Orantzaro' bat Leitzan, trajez jantzita, XX. mende-erdialdean (arg.: artxiboa). 

 

"Festen kontrola berreskuratu"

Errege magoei dagokienez, duela hamarkada batzuk "pentsaezina zen gaur egungo opari-eredua". "Gehienez, azukrezko ikatza, txokolatea eta opari xumeren bat zekarten". Oro har, neguko festa guztietara zabaldu den joera da merkantilizazioarena, Araolazaren arabera; tartean, arimen gaua –egun, Halloween– eta inauteriak. 

"Kasu batzuetan interes ekonomikoengatik, eta, beste batzuetan, gogoetarik gabeko planteamenduengatik, agian egokienak ez diren biedeetatik eraman ditugu gure tradizioak". Horren aurrean, ospakizunen gidaritza berreskuratzera deitu du Araolazak: "Har dezagun berriz geure festen kontrola, geuk erabakitzeko noruntz eta nola eraman".

 

Mari Domingi, berriagoa

Olentzerok ez du beti genero-marka zehatzik ez izan, Oier Araolaza antropologo eta dantzariak zehaztu duenez. Pertsonaiaren irudikapenean, maiz ez zegoen egungoa bezalako maskulinitate-ezaugarririk, eta kasu batzuetan emakume bezala irudikatzen zuten. Batez ere, Leitzan jaso dira emakumezko Olentzeroren testigantzak, bertako Alke taldearen ikerketa baten eskutik. Han, Orantzaroak ospatzen dituzte, eta badira 200 urte etxeetan panpinak zintzilikatzen dituztela, emakume zein gizon, eta lanbide ezberdinekoak. Mari Domingi geroagokoa da: 1994an sortu zen Donostian, gabon-kanta herrikoi bateko pertsonaia oinarri. Oier Araolazaren ustez, hark eta Olentzerok, elkarrekin, "eredu heteronormatibo bat erreproduzitzen dute, hain justu eredu hori kolokan jartzen saiatzen ari garen garaian". "Ez zen hori izango sortzaileen borondatea, baina estereotipo oso zehatzak gorpuztu dituzte bi pertsonaiek: batak gizon serio eta zurrunarena, eta besteak emakume goxo eta atseginarena". "Oraindik aukera dago hori birplanteatzeko", dio.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago