Gabonak 2017

Arabako neguko jaiak, suaren inguruan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko abe. 21a, 13:43

Martxoak ospatzen dituzte Lantziegon, abenduaren 7an. BERBERANA ALDIZKARIA

Berezko ohitura gutxi gorde dira Arabako herrietan neguko solstizioarekin lotuta, baina mantendu diren gehienetan suak du oinarrizko papera; herriak "garbitzeko" eta lurra "berpizteko" zeregina hartzen baitu.

Araban toki gutxitan gorde dira neguko berezko jaiak.  Nekazarien komunitateen desagerpenak eta kontsumismoaren olatu erraldoiak bestelako formak bultzatu dituzte, eta albo batera geratu dira mendeetan garatutako sua, ura eta landareei buruzko errituak. Hala ere, oraindik neguko solstizioa, udakoa bezalaxe, sute baten inguruan ospatzen dute, Europa osoan bezala, Arabako hainbat tokitan. 

Suteen helburua ez da berdina leku guztietan, baina adituen arabera "indar magiko" bilakatu ohi da: "Eguzkiak natura berpizten duen moduan, suak ere, momentu berezi batzuetan, eguzkia, pertsonak eta animaliak berpizten ditu". Hala, Gabon zaharrean suteak pizteko ohitura oso zabalduta egon da gure herrialdean: Erroetan, Gazeon, Amaritan, Garaion, Uribarri Ganboan, Artatzan, Kuartangon edo Argomaizen urteko azken afariaren ostean, familiak kalean biltzen ziren sutearen inguruan. Halaber, gau berezi horretan, baserrian erretzen zen enborrari izen berezia ematen zioten (porrondoko Agurainen, gabon Tresponden), eta propietate bereziak zituela pentsatzen zuten. 

Halaber, tokiaren arabera izen desberdina hartzen duen lastozko panpina bat erretzeko ohitura bizirik iraun du Legution (Olentzero) eta Lautadan (Kalerre, Galerre, Putierre), eta baita ere landareak bildu eta horiekin zuziak osatuz, herriak "garbitzeko" tradizioa, Arabako Errioxan.

Suari lotutako erritoak ez dira bakarrak, kristautasunarekin nahastutako beste ospakizun zahar batzuk ere mantendu baitira herrialdean: Bastidako Artzain Dantza esaterako, edo Sarrian herritarrek antzezten duten Gabon Ibilbidea.

Artzainen Dantza, Bastidan. / ARABAKO ERRIOXAKO KUADRILLA

Artzainen dantza. Gabon gauean eta Eguberri egunean Artzainen Dantza egiten dute Bastidan. Abestuz eta dantza eginez iragartzen dute artzainek Jesusen jaiotza. Taldearen buru Katximorro da. Udaletxe aurrean kantatu eta dantzatu ondoren, plazatik elizarako bidea egin eta beste horrenbeste egiten dute elizan bertan.

Samaniegoko Mañak. / ARABAKO ERRIOXAKO KUADRILLA

Mañak, Martxoak. Izpiliku, erromero edo beste landareen azaoak erre eta suteak egiten dituzte Arabako Errioxako hainbat herritan, abenduaren 7an. Samaniegon, Navaridasen, Lezan edo Lapuebla de Labarcan mañak ospatzen dituzte; Lantziegon, berriz, martxoak. Espirituak uxatzeko eta herria garbitzeko helburua du jatorri paganoko jaiak.

Lastozko panpina erretzen dute Errepuierre jaian, Lautada aldean.

Errepuierre. Ohitura hau Lautadako herri askotan ospatzen da Gabon zahar egunean: Agurainen, Dulantzin, Marietan, Gebaran, Ozetan, edo Ezkerekotxan. Amaitutako urtea irudikatzen duen panpin bat erretzen dute. Panpinak, herriaren arabera, izen desberdina hartzen du: Galerre, Kalerre edo Putierre. Errepuierre festak "erre ipurdia erre" esanetik hartzen du izena, amaitutako urteari ipurdia erretzen diotela adieraziz.

Olentzero erretzen dute Legution, plazan.

Olentzeroren erreketa. Gorbeialdean, Legution, Gabon-gauean, Olentzero bera erretzen dute. Goikoetxe auzotik irteten dira kalejiran herritarrak, eta kale nagusietan barrena ibili ondoren, Ortiz de Zarate plazan erretzen dute lastozko panpina. Ardo beroa banatzen dute kalejiraren ostean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago