Grebara deituta zeuden gaur unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langile guztiak. ELA, LAB eta Steilas sindikatuen arabera, jarraipen "aparta" izan du protesta egun honek. Izan ere, langileen %75ek bat egin dutela adierazi dute. Sektoreka, %90ekoa Haurreskoletan, %85 Heziketa Berezian, %80 sukalde eta garbiketan, eta %75etik gora irakasleen artean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emandako zifra, berriz, apalagoa da; %59,8.
Gaurkoa bosgarren protesta eguna izan dute hezkuntza publikoan. Mobilizazioak irailean hasi zituzten langileek, sektoreka antolatuta, lan-baldintza hobeagoak aldarrikatzeko. Besteak beste, hezkuntza inbertsioa, langile kopurua eta baliabideak handitzea, behin-behinekotasun mailak eta gelako ikasle kopurua murriztea, eta soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan eta gainerako lan baldintzetan ezarritako murrizketak alde batera uztea eskatzen dituzte hezkuntza arloko langileek.
Guztira, gaurko mobilizaziora ia 28.000 langile zeuden deituta Hezkuntza Publikoan (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta Haurreskolak Partzuergoan 1.200dik gora.