143 kilometro orduko haizeteek kalteak eragin dituzte Araban

Erredakzioa 2017ko abe. 11a, 10:00

Haizeak zuhaitzak eta adarrak bota eta edukiontziak mugitu ditu bart gauean. Guztira, hamabost auto kaltetu ditu; Andetxan, esaterako, sute bat itzali zuten suhiltzaileek.

Haizeak arazoak sortu ditu bart gauean Araban, eta larrialdi zerbitzuek 230 irteera baino gehiago egin behar izan dituzte lurralde osoan, Ana borraskaren eraginez. Izan ere, haize-boladek 140 kilometro orduko abiadura gainditu dute zenbait lekutan.

Gasteizen, esaterako, 230 aldiz atera dira udaltzainek eta suhiltzaileek, igandetik astelehenera bitartean, haize bolada indartsuek eragindako arazoak direla eta; batez ere, eroritako zuhaitzek eta adarrek eta haizeak mugitu dituen edukiontziek sortu dituzte kalteak. Guztira, haizeak hamabost auto kaltetu eta 70 bat edukiontzi mugitu dituela adierazi du Udaltzaingoak. Era berean, suhiltzaileek sute bat itzali zuten atzo gauean, Andetxa herrian. 

Datozen orduetan, euria eta elurra

Azken orduetan haizearengatik emandako alerta laranja desaktibatu dute, baina abisu horia mantendu dute, oraingoan, euria eta elurra dela eta. Euskalmeten arabera, arratsaldean, euria egingo du, eta zaparradak sarri botako ditu. Elur-kota pixkanaka jaitsi egingo da, eta gauean 600-700 metro inguruan egongo da. Haizeak indar gutxiago izango du, eta tenperatura ere jaitsi egingo da.

 

Irudiak: David Mangana eta Arabako suhiltzaileak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide