Arabako Foru Aldunian gutxiengoan gobernatzen dute jeltzaleek eta sozialistek eta, hortaz, hirugarren urtez bidelaguna aurkitu behar izan dute aurrekontuak onartzeko. Azken bi urteetan EH Bildurekin akordioetara iritsi onoren, aurten PP aukeratu dute, Eusko Jaurlaritzan popularrekin zerga-erreforma hitzartu ondoren.
Abenduaren 7an iragarri zuten akordioa, eta abenduaren 27an berretsi behar izango dute Batzar Nagusietan. PPk aurreratu zuenez, 481 milioi eurokoa izango da aurrekontua, aurten baino %2,9 handiagoa.
"Porrot egin du EAJ-Bildu itunak,
eta PPk ez ditu herritarrak
ataka horretan utzi nahi izan"
Akordioa lortu arren, ez zuten agerraldi bateraturik egin bi aldeek. PP izan zen ados jarriak zirela jakinarazi zuen lehena. Ana Morales Arabako Batzar Nagusietako PPren bozeramailea agertu zen prentsaren aurrean. Pozarren mintzatu zen, akordioa arabarrentzat "oso positiboa" dela ziurtatuta: "Erantzukizunaren eta egonkortasunaren akordioa da", bozeramailearen arabera. EH Bilduri erasotzeko baliatu zuen agerraldia: "Porrot egin du EAJ-Bildu itunak, eta PPk ez ditu herritarrak ataka horretan utzi nahi izan". Ildo horri heldu zion hainbat aldiz: "Erradikalismotik aldentzen da [aurrekontua], eta pertsonengan eta haien ongizatean pentsatzen du".
Moralesek baino ordubete geroago hitz egin zuen Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak (EAJ). Hura ere pozik zegoen hirugarren urtez jarraian aurrekontuak bermatzea lortzeagatik. EAJren negoziatzeko ahalmena goratu zuen. Ez zuen baieztatu PPko bozeramaileak emandako zifra, baina zehaztu zuen bi alde dituela akordioak: batetik, diru sailak, eta, bestetik, lurralderako "berariazko zerga trataera". Ahaldun nagusiaren arabera, Diputazioak "ez die uko egin" proiektu nagusiei. "Ez da diru sailik ezeztatu; PPren ekarpen positiboak gehitu dizkiogu".
Gonzalezen adierazpenak, nolanahi ere, ez datoz bat Moralesek esandakoarekin. PPren bozeramailearen arabera, aurrekontua "baldintzatzea" lortu dute: "180 graduko bira eman dute diputazioaren politikoek. Zergak jaisteaz gain, arabarren bizitza erraztuko duten politikak txertatzea lortu dugu". Euskal presoen aldeko elkarteek jasotzen dituzten diru laguntzak "atera" egin dituztela ziurtatu zuen. Aldiz, laguntza jasoko dute Miguel Angel Blanco fundazioak, AVTk eta Covitek.
Akordioari buruzko xehetasunak aste honetan emango dituzte bi aldeek: PPk, astelehenean, eta ahaldun nagusiak, asteartean, Diputatuen Kontseiluaren bileraren ostean.
EH Bilduk, osoko zuzenketa
Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, gutxiengoan agintzen dute jeltzaleek eta sozialistek Araban, eta beste alderdien babesa behar dute aurrekontuak kudeatzeko. Azken bi urteetan EH Bildu izan dute bidelagun, baina aldatu egin da egoera. Eusko Jaurlaritzako kontuek irauli dute. Izan ere, PPrekin adostu zuten zerga erreformak hurbildu egin du jeltzaleen eta popularren arteko jarrera. Aldiz, lehen baino urrunago du orain EH Bildu.
Hain zuzen ere, koalizioa oso kritikoa da Arabako Foru Aldundiak izandako bilakaerarekin. Osoko zuzenketa aurkeztuko dute horregatik. Jeltzaleek hartutako bidea gaitzetsi zuen, atzo, Kike Fernandez de Pinedo Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak. Argi adierazi zuen erabakia ez dela Araban hartu, «beste joko zelai batean», baizik. "Ahaldun nagusiari Sabin Etxetik inposatu diote zeinekin negoziatu behar zuen. PPrekin adostu behar zuela esan diote". Haren aburuz, politika neoliberalen garaipena da akordioa, eta Araba da galtzaile.
Foru aldundiko korapiloa askatzeak, baina, kontrako eragina izan dezake Arabako hiriburuan. Akordiorik ez zela egongo ziurtatu zuen Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak. Atzokoaren ondoren, EH Bilduk itxitzat eman du Gasteizko aurrekontuaren negoziazioa. Koalizioak "oso larritzat" jo du EAJk zerga erreforma eta aurrekontua PPrekin egitea lehenetsi izana. Elkarrizketei buruzko zehaztasunik eman ez arren, akordioren bat lortzeko hitz egiten jarraitzen du Gorka Urtaran alkatearen taldeak.