Abelardo Fernandez, Alaveseko entrenatzaile berria

Erredakzioa 2017ko abe. 5a, 17:12

Irudai: Deportivo Alaves

Denboraldia amaitu arteko kontratua sinatu du. Atzo bertan debutatu zuen Gironaren aurkako partiduan, eta garaipena lortu zuen.

Alavesek entrenatzaile berria du. Hain zuzen ere, Abelardo Fernandez izango da talde gasteiztarraren lehen teknikaria, denboraldia amaitu arte. Alavesek sasoi honetan fitxatu duen hirugarren entrenatzailea da, eta Lehen Mailari eusteko helburuarekin iritsi da.

Abelardo Gijongo Sportingen, Bartzelonan eta Alavesen aritu zen jokalari, eta azken honetan erretiratu zen. Futbolari bezala bi Liga eta bi Kopa irabazi zituen, Bartzelonarekin, eta bi Munduko Txapelketa eta bi Eurokopa jokatu zituen Espainiako Selekzioarekin.

Sportingen harrobian hasi zuen entrenatzaile ibilbidea. 2012an lehen taldera heldu zen, bigarren entrenatzaile bezala, eta ondoren, bigarren taldea zuzentzen hasi zen.

Debuta eta garaipena

Atzo bertan estreinatu zen Abelardo, eta garaipena lortu zuen, 2-3ko markagailua utziz. Alaves galtzen zihoan Gironaren zelaian, eta amaierarako hogei minutu geratzen zirela, buelta eman zion markagailuari. Hiru gol sartu zituen taldeak, eta hirurak Ibai Gomezen eskutik. Azkena, garaipenarena, azken jokaldian egin zuen; hain zuzen ere, 93. minutuan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago