EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean irakasle da gaur egun Pello Jauregi (Pasaia, 1958). Eusle metodologiarekin lan eta lan ibili da azken urteetan, baita Lasarte-Orian aurrera eraman zuten egitasmoan ere. Hizkuntza ohiturak aldatzeko proposamen interesgarriak atera ditu Jauregik esperientzia horretatik.
Zer konta dezakezu Lasarte-Oriako egitasmoaren gainean?
Azken finean, euskaldunok euskaraz egingo badugu, ingurunean baldintza erosoak eta egokiak sortu behar ditugu. Baldintza horiek ematen direnean, euskaldunok, normalean, joera euskaraz hitz egitekoa dugu. Ideia hori operatiboa egin dugu, euskaldunei ahobizi izena jarri diegu, euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzen dutelako. Baina ingurunean jende mordoa belarriprest izenarekin aktibatu dugu. Agian, euskaraz hitz egiteko gai ez baina ulertzen dutenak dira. Horrek erraztasuna ematen dio euskaldunari inongo arazorik gabe euskaraz hitz egiteko. Aldi berean martxan jarri ditugu bi figurak.
Zergatik Lasarte-Orian?
Han euskalgintzak urteetako eskarmentua du. Gauza asko egin dituzte, urteetan ekintza pila, baina, hala ere, euskararen erabileran aurrerapenak ez dira bestekoak izan. Orduan, beste zerbait egin beharra ikusten zuten. Hortik etorri zen kontua, azkeneko sei urteetan lan munduan metodologia bat aplikatu dugulako euskararen erabilera bultzatzeko. Eta guk genituen ideiekin eta Lasarte-Orian zuten indarrarekin eta beharrarekin jarri genuen ekimena martxan. Orain, Eusle metodologia honekin hezkuntza munduan sartu nahi dugu muturra, eta metodologia aplikatzeko egokitzen ari gara.
Zer ondorio atera dituzue Lasarte-Oriako esperientziatik?
Guztira, sei txanda izan ziren, eta, nolabait, datu horiek bildu ostean, euskararen erabilera igo egin da 21,4 puntu, 0 eta 100 arteko eskalan, belarriprest eta ahobizi izan diren horien konpromisoaren ondorioz. Gero, kanpaina bukatu eta hiru hilabetera berriz neurtu genuen, eta jaitsi egin zen euskararen erabilera, baina oso gutxi, 2,6 puntu bakarrik jaitsi zen. Nolabait, mantendu egin da, guztira, 18 puntu, eta euskararen erabilera ohiturak mugitu egin direla ikusi dugu.
Hizkuntzaren ohiturak aldatzearen gainean hitz egiten dugu, baina ez da lan erraza hori...
Ez da erraza, abiatzen zaren puntuaren arabera. Adibidez, hitz egiteko erraztasuna baldin baduzu eta solaskideak ere bai, hizkuntza ohitura astebetean aldatu daiteke, eta zailtasun gutxirekin. Solaskide horietako batek hizkuntza gaitasuna kamustua baldin badu, ordea,