Euskararen Eguna 2017

Arrate Illaro: "Inertziak apurtu gura genituzke harreman modu berriak sortuta"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko abe. 2a, 09:00

Euskaraldiaren koordinatzaile eta Euskaltzaleen Topaguneko kide da Arrate Illaro getxoztarra

Euskararen erabilera bultzatzea da 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean hainbat herritan egingo den 11 egun euskaraz dinamikaren helburua. 

Euskaraldiaren koordinatzaile eta Euskaltzaleen Topaguneko kide da Arrate Illaro getxoztarra. 11 egun euskaraz izena hartuko du 2018an Euskaraldiak. Helburua euskararen erabilera bultzatzea da. Euskaltzaleen Topagunea da dinamikaren sustatzaileetako bat.

Euskaraldia. Zer da eta zein da abiapuntua?

Euskarak 365 egun dinamikaren barruan kokatzen den dinamika da Euskaraldia. Helburua da hizkuntza ohiturak aldatzea, euskararen erabilera areagotzea, euskaltzaleak aktibatuta. 

Nola lortuko da hori? 

Oinarrian daude pertsonen urratsak, norbanakoenak. Egunerokoan euskara erabil dezaten, 11 egun euskaraz dinamika sortu da 2018ra begira. 2019an entitateen babes neurriak ikusarazi gura ditugu. 

Zertarako? 

Pertsonek egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko baldintza egokiak izateko. 

Euskaraldia, 11 egun euskaraz izaerarekin etorriko da datorren urtean. 

Hamaika eguneko dinamika izango da. Hain zuzen ere, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean aktibatuko ditugu euskal herritarrak. Euren egunerokoan euskara gehiago egiteko dinamika bat izango da. 

Nola egingo da hori? 

Bi rol sortuko ditugu: batetik, egongo dira ahobizi-ak. Horiek izango dira euskaraz egingo dietenak euskaraz ulertzen duten guztiei, baita ezezagunei ere. Lehen berba beti izango da euskaraz. Besteak ulertzen badu, jarraituko dute euskaraz, noski. Eta beste rola da belarriprest deritzona. Identifikazio edo txapa baten bidez adieraziko diete gainontzekoei beraiekin euskaraz egin dezaketela. Belarriprest-ek, gutxienez, ulertzen dute euskara, hitz egin, zein ez. 

Aktibazio ekimenak, baina, martxan daude dagoeneko... 

Azken bi urteetan aktibazio ekimen asko egin dira Euskal Herrian, eta Euskaraldia, hain zuzen ere, hori da, aktibazio dinamika horiek hedatzea. Hau herrietan sortu den ekimena da, eta herriek egingo dute. Gu saiatuko gara baldintzak eskaintzen eta hedatzen ahalik eta gehien, baina herrietako lana ezinbestekoa izango da. 

Zergatik eragin, orain, hizkuntza portaeretan? 

Momentua delako inertziak apurtzeko, inflexio puntu batean gaudelako. Izan ere, neurketek 2011n eta 2016an geldialdi bat erakutsi zuten euskararen erabilerari dagokionez, eta hortik ondorioztatu zen baldintzak aldatu beharra zegoela erabilera bultzatzeko. Inertziak apurtu gura genituzke harremanetan modu berriak sortuta, eta inertziak apurtu gura genituzke lan egiteko moduan, planteatu dugulako elkarlanean lan egitea, bai koordinazio orokorrean, bai eta herriz herrikako dinamiketan.

Ez da erronka makala, baina baldintzak onak dira? 

Oinarria ona da. Alde batetik, euskaraz bizi gura duen jende asko baitago, determinazio hori duena eta hizkuntza ulertzen duen jende asko dago. Beraz, baldintzak baditugu orain egiten duguna baino gehiago egiteko. Horretarako, ahaldundu egin behar dugu, eta formakuntza eskainiko dugu, eta aholkuak zabaldu eta landuko ditugu. Helburua da hamaika egun horietan ahobizi eta belarriprest izateko tresnak izatea. Har dezagun denbora eta presta gaitezen helburuari erantzuteko, eta hamabigarren egunean ere, abenduaren 4an, elkarrizketa horiei eusteko. 

Orain arteko esperientziek emaitza onak eman dituzte?

Alde batetik, ilusioa nabari da eta aktibazio dinamikak egin dituzten herriek ondorioztatu dute, batetik, uste baino jende gehiagok izan duela interesa eta fruituak ematen dituela edo, nolabait, emaitzak ikusten direla. Ikerketa zehatzena Lasartekoa da, eta ikerketak esaten du dinamika bukatu eta hiru hilabetera ere igoera zegoela euskararen erabileran. 

Koordinazio mahai bat badago osatuta. 

Bertan gaude Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Euskarabidea eta Iparraldeko Herri Elkargoa, eta gure lana izango da herriei baliabideak eskaintzea, ez daitezen hutsetik abiatu eta ahalik eta errazen egin dezaten lan. Euskal Herri osoan egingo den dinamika bat izanik, ahalik eta modu ordenatuenean egitea da asmoa. Horretarako, kronograma proposamena egin dugu, moldagarria dena. Kudeaketarako baliabideak sortzen ari gara, eta sortuko ditugu. Komunikaziorako irudi eta marka bateratua egin dugu eta kartelak egin ditugu. Komunikaziorako gida bat egongo da, formakuntza eskaintza bat egongo da, eta abar. Tresnak ematea izango da gure lana. 

Sustatzaile sare bat ere sortu duzue. 

Bai, eta bertan daude herriz gaindiko eragileak, ekimenean parte hartu gura dutenak: euskalgintza zuzeneko bultzatzaileak, EAEko aldundiak, Eudel eta Uema ere bai. Gainera, dei egingo diegu euskararekiko ardura duten entitateei ere. Denon artean egingo dugu zabalkundea. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan egingo da. Hori da asmoa, nahiz eta guk ez ditugun herriak martxan ipiniko. Herriak izango dira hau martxan ipiniko dutenak. Zerbait progresiboa izatea gura dugu, eta asmoa ez da datorren urtean Euskal Herriko herri guztietan martxan egotea, baizik eta ahalik eta gehienetara heltzea, eta, batez ere, ahalik eta ondoen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago