Arabako errepideak kontrolatzeko zentro berria inauguratu dute Ehari Gobeon. Eraikin berria egoitza zaharraren halako bi da, jendea hartzeko gunea hobetu egin du eta azken teknologiarekin hornituta dago. 600.000 euro inbertsioa egin du Arabako Aldundiak.
Inaugurazioan azaldu dutenez, pantaila erraldoi baten bitartez jarraitu ahal izango dute Arabako errepide sarearen egoera; mendateen egoera eta tenperatura ere kontrolatu ahal izango dute bertatik. Puntako teknologiari esker, bertan zentralizatuko dituzte errepide sarearen inguruan hartu beharreko erabaki eta prebisioak.
“Lehengo Errepideak Kontrolatzeko Gunea aldatzeko beharra egiazkoa zen, zaharkiturik baitzegoen. Honen bidez hobetu egiten dugu lurraldearen segurtasuna eta bermatu egiten dugu herritarrarentzako arreta hobea”, nabarmendu du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak zentroaren inaugurazioan.