Euskararen egunaren harira eta Gasteizko euskararen astean kokatuta, Bai Euskarari Elkarteak, Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin, gazte Mintzotxiodromoa antolatu du. Horren helburua da lanbide heziketa eta batxilergoko ikasleei euskararen egoeraz hitz egiteko eta sare sozialetan iritziak zabaltzeko aukera ematea.
Oihaneder Euskararen Etxera gerturatu dira 10:00etan Egibide, Presentación de María, Ostalaritza Gamarra eta Karmendalarrak zentroetako gazteak euskara euren egunerokoan duen presentzia eta balioari buruz mintzatzeko. Saioa hiru gaietan banatu da: euskara Gasteizen, euskara ikasketetan eta lanean eta, azkenik, euskara kontsumoan (Gasteizen piztu berri den LehenHitzaEUS kanpainari erreferentzia eginez). Gainera, Kidam magoaren trikimailuek aho zabalik utzi dute bat baino gehiago; eta, saioa bukatzeko, besteak beste, Baskonia eta Alaveseko sarrerak, liburuak eta kamiseta batzuk zozketatu dira.
Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak egin ditu aurkezpenak eta Bai Euskarari Elkartearen nondik-norakoak azaldu ditu. Zuzendariak nabarmendu nahi izan du “Bai Euskarari Ziurtagiri bat baino askoz gehiago dela”, eta elkarteak martxan dituen proiektuak aurkeztu dizkie gazte eta irakasleei: #BaiPraktikaEgokia, enpresetan euskararen erabilera sustatzen hasteko gida; Autodiagnostikoa, enpresaren hizkuntza maila neurtzeko aplikazioa; Bai Euskarari baliabideak, euskaraz bizi eta lan egiteko lagungarriak; Lansarean.eus, lana eta hautagaiak topatzeko ataria; Enpresarean, enpresa eta profesionalen sarea; Lanabes, Araban Euskaraz Lanean egitasmoa; eta, azkenik, Bai Euskarari Ziurtagiria, enpresa, saltoki eta era guztietako entitateen euskara mailaren baieztagarria.
Ikasleak launaka eseri dira euskaraz hitz egin, jende berria ezagutu eta biharko egunean zein hizkuntzatan bizi eta lan egin nahi duten hausnartzeko. Orokorrean, nahiz eta lagunartean euskaraz egitea kosta egiten zaiela onartu, hizkuntza zaindu eta maitatzeko beharra ikusten dutela azaldu dute mintzotxiodromoko protagonistek.
Argazki guztiak hemen eta bideoa laster
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.