Gutxi igo da emakumeen ordezkaritza kontzejuetan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko abe. 1a, 17:28

Kontzejuetako hauteskundeetan 30.000 arabarrek dute botoa emateko eskubidea./ Alea

Arabako 338 kontzejuetan igandean eginiko hauteskundeetan 68 emakume aukeratu dituzte errejidore izateko. 2013. urtean 63 aukeratu zituzten.

Emakumeen eta gizonen partaidetzaren artean dagoen arrakala handia da oraindik Arabako erakunde txikienetan. Izan ere, Arabako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu dituzten datuen arabera, 150 kontzejutan gizonak baino ez dira izango hurrengo lau urteetan. Gainera, errejidore kargua gizonek okupatuko dute kontzejuen %80an. Emakumeak bakarrik osaturiko kontzejuak, ostera, bost izango dira, eta kontzejuen %20an baino ez dira lehendakari izango.

Orain dela lau urteko hauteskundeetako emaitzarekin alderatuta, emakumeen ordezkaritza ez da nabarmen igo. 2013. urtean, adibidez, emakumeen presentzia bermatu zen bakarrik 176 kontzejutan, eta aurtengo datuen arabera, soilik herrialdeko 183 kontzejutan izango da gutxienez emakume bat. 

Herrien tamainaren arabera, partaidetza

Bestalde, bi puntu eskas igo da parte-hartzea Arabako kontzejuetako bozetan, 2013ko datuekin alderatuta. Guztira, %38,8koa izan da partaidetza herrialdean, baina alde handia dago herri handien eta txikien zenbatekoen artean. Hala, bi mila biztanle dituen Dulantzi batean partaidetza %2koa izan da, eta Legution, esate baterako, %10ekoa. Aldiz, 200 hautesle baino gutxiago dituzten herrietan partaidetza batez beste %46koa da; ehun biztanle baino gutxiago dituzten herrietan %54koa eta 50 biztanle baino gutxiago dituzten tokietan %57koa izan da parte-hartzea.

Aldundiko Lurralde Orekako zuzendari Iñaki Guillernak eman ditu datuok. Haren esanetan, parte-hartzearen datuei begiratuta sentsazio "gazi-gozoa" dago: "Bostehun biztanle baino gehiago dituzten herrietan zenbakiak oso txarrak izan dira, partaidetza eskasa egon delako, Dulantzin adibidez, bi mila biztanletik 43k soilik bozkatu dute". Guillernaren esanetan, arazo bat dago, eta hausnarketa sakona egiteko garaia da, kontzejuen foru arauaren eta kontzejuen hauteskundeen foru arauaren inguruan. 

Berriz, Arabako Kontzejuetako Elkarteko kide Carlos Marinek bi arrazoi eman ditu parte-hartzearen zenbaki txikiak azaltzeko orduan. Alde batetik, aipatu du informazioa falta dela kontzejuen lanaren inguruan. Beste alde batetik, azpimarratu du kontzejuen hauteskundeek ez dutela beste batzuek duten "morboa", eta ez direla "mediatikoak". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago