Artisten sortze prozesua, gertutik

Anakoz Amenabar 2017ko aza. 28a, 19:04
Hainbat artista elkartuko ditu 'Barrunbeko lurretan' filmak. / Lurburu

Hainbat artistaren lan prozesuaren filma egingo du, euskaraz, Iñigo Perez Picazok; hamar eguneko egonaldia egingo dute GaraiOn-en.

Urkiolako aterpetxe bat izan zuten hasierako topalekua, iaz. Lander Perezen ideia batetik abiatuta, Lurburu kolektiboko arte diziplina ezberdinetako artistak elkartu ziren lau aldiz, lau urtaroetan, elkartuta baina bakoitzak bere lana sortzeko. Eta hari horri helduta, proiektu berri bat aurkeztu du Iñigo Perez Picazok; arte guztiak batzen dituen film luze bat sortuko du: Barrunbeko lurretan.

Abenduaren 1etik 10era bitartean elkartuko dira oraingoan, Ozetako GaraiOn sormen espazioan. Hamar egunez haien obra sortuko dute artistek, eta sortze prozesu hori grabatuko du Perez Picazok. "Artisten prozesuaren lekukotasuna jasotzeaz gain, prozesu artistikoari buruz hitz egingo du, tradizioa eta postmodernismoaren kontrastea agerian utziz", azaldu du errealizadore gasteiztarrak.

Pintura, marrazketa, argazkilaritza, eskultura eta arte eszenikoak dira jorratuko dituzten diziplinak. "Nahiz eta asmoa norberak pieza sortzea izan, elkarbizitzan suertatzen diren kolaborazioak emango dira. Prozesu artistikoa eta artea berari buruz hausnartzeko aukera izango dugu gainera", nabarmendu du Perez Picazok.

Marina Suarez Ortiz de Zarate aktorea izango da hamar eguneko topaketan parte hartuko duen artistetako bat, Tripak taldeko kideekin batera: "Han hasiko gara gure lana sortzen, baina batek daki handik aurrera nolako ibilbidea izango duen obra horrek". Egonaldia bera, "sorpresa" bat izango dela esan du aktoreak, egunez egun gertatuko denaren lan ildorik zehaztu ez dutelako. Besteak beste, Jon Ruiz de Infantek, Patxi Suinagak, Ruben Becaresek, Zuriñe Canchok eta Kauldi Iriondok parte hartuko dute proiektuan. 

GaraiOnen egindako egonaldiaren ostean, filma muntatuko dute Javier Rebollo zinema zuzendariaren laguntzarekin eta udaberrian izango da prest. Ez dute, ordea, ohiko pelikula baten modura aurkeztuko; work in progress esperientzia erakusketa zabalago batekin erakutsiko dute, zuzeneko musika, performance edota naturako soinuek lagunduta. 

 

   

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide