Hil ala bizikoa

Asier Diaz Arnaiz 2017ko aza. 27a, 10:07

Euskarak hildakoak behar ditu. Bai. Eta hildako zuzenak badira, are hobeto.

Maiz, neure buruari galdetu izan diot Euskarak zergatik ez duen lortu gatazkaren erdigunean kokatzea, zergatik ez duen lehentasunik lortu borroka-esparru ezberdinetan, zergatik ez duen berezkoa behar lukeen aitorpena lortu. 

Maiz, neure buruari galdetu diot zerk egiten gaituen ezberdin? Zerk bereizten gaituen Kuba, Nikaragua, Bolivia, Hegoafrika, Katalunia eta beste hainbat herrialdetako iraultzetatik?

Maiz, independentziaren, sozialismoaren, feminismoaren eta internazionalismoaren alde borrokatzearren erail dituzten martiriak datozkit burura. Maiz, Euskara bide den “gure” hizkuntzak ere hildakoak behar dituela datorkit burura; eta hildako zuzenak badira, hobe.

 Herri honetan martiriak miresten ditugu, askotan borrokek eurek duten mamia edo/eta hizkuntza-aldarrikapena ahaztuz. Euskarak martiriak behar ditu, atzoko bada hobe! Eta bat beharrean bi badira, bi martiri, eta beste bat, hiru... Zenbat behar diren herritarrok erabakiko dugu, horretarako bederen, eskubidea izaten jarraitzen baitugu.

Baina benetan izango al gara horren odolgabeak? Benetan behar al ditugu martiriak? Ezetz nahiko nuke pentsatu. Ikusten dudanak, ordea, kontrako ustea eragiten dit. 

Egunotan Eusko Legebiltzarrean autogobernurako ponentzian ari dira lanean. Joan den astean, Euskal Herrian Euskaraz taldeak Euskararen normalizazioa lortzeko ponentzia horrek jaso beharko lituzkeen 13 puntu aldarrikatu zituen. Joan den astean, lau katu bildu ginen. Ondoan, pentsio duinak aldarrikatzeko manifestazio jendetsua. Esan bezala, Euskarak hildakoak behar ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago