"Umorea gutxietsita dago"

I. Estarrona / J. Sanchez / S. Fernandez de Aranguiz 2017ko aza. 23a, 14:06

Gasteizen egon berri da Aitziber Garmendia aktore gipuzkoarra, Solasalean saioan. Umorea aldarrikatu du, baita emakumeek erregistro komikoan eduki behar duten tokia ere.

Pantailan eta oholtzan

TELEBISTAN: 'Batek daki', 'Euskalduna naiz, eta zu?', 'Zuek hor eta gu hemen', 'Martin', ''Finlandia', Sorginen Laratza', 'Irrikitown', 'Mi querido Klikowsky'. ANTZERKIAN: 'Udako gau baten ametsa', 'Barealdi magikoa', 'Kafka eta panpina bidaiaria', 'Wilt', 'Arrainen bazka', 'Baginaren bakarrizketak', 'Emakumeak izarapean', 'La domadora de fieras', 'Xomorroak', 'Historias terraterrestres', 'Hitz egin dezagun sexuaz'. ZINEMAN: 'Ocho apellidos vascos', 'Mugaldekoak', 'Sukalde kontuak', 'Alaba zintzoa', 'Txarriboda'..

 

Nolako irribarrea, halako arrazoibide sakona ekarri zuen Gasteizera Aitziber Garmendia aktoreak, aleak eta Oihaneder Euskararen Etxeak antolatutako azken Solasalean saiora. "Jarrera hipokrita" antzematen du umorearekiko, "gehien kontsumitzen dugun generoa izan arren, oso gutxitan saritzen dugulako". Halaber, tradizionalki "gizonezkoei gordetako esparru horretan emakumeen lekua" aldarrikatzen du. Zorrotz aritu da ere zenbait euskal aktorek jasandako kritika gogorrei buruz: "Barre egin behar baldin badugu, egin dezagun barre denotaz". 

Zure lehenengo gezurra 13 urterekin esan zenuela jakin dugu... 

Aurreneko aldiz antzerki-talde batean sartu nintzenean, 13 urte nituen, eta gezurra esanda izan zen. Beasaingo amateur-antzerki talde bat zen, eta 15 urte behar ziren bertan aritzeko. Inork ez zidan dokumenturik eskatu... Nire urtebetetzean, konturatu gabe, hamalau urte bete nituela esan nien, baina harrezkero berandu zen ni botatzeko, kariñoa hartu zidatelako.

Erregistro komikoan lan egin duzu, batik bat. Zer du umorea zuretzat? Jakinda, gainera, zer zaila den umorea egitea...

Niretzat badauka zerbait terapeutikoa. Esker onaren karga dauka. Ostiraletik igandera, normalean, funtzioak ditut, eta etxera itzultzen naiz jakinda jende askori barrea eragin diodala. Horrek badu indar hori... Beste erregistro batzuetan ere lan egin izan dut, baina umoreak asko engantxatzen nau. Eta zaila da –egia da– umorea egitea. Gainera, gutxietsita dagoen zerbait da. Oso jarrera hipokrita daukagu umorearekiko. Begiratzen duzu edozein sari-banaketa –Goya sariak, adibidez– , oso zaila da komedia bat sarituta ikustea. Baina, aldi berean, egunero-egunero kontsumitzen den genero nagusia da umorea. Herri bezala, Euskal Herrian behintzat, asko dugu esateko horren inguruan, hemengo sari-banaketetatik hasita; askoz gehiago saritzen da drama, umorea baino, eta gero askoz gehiago kontsumitzen da umorea.  

 

                                     "Umorea betidanik gizonezkoei gordetako

                           esparru bat izan da; gu korrekto mantendu behar gara"

 

Galdetu dizugu zer duen umoreak zuretzat, baina zer duzu zuk umorearentzat? Zer eskaini nahi dio Aitziber Garmendiak umoreari?

Ez dakit zer dudan emateko, baina badakit zer eman nahi diodan: nolabaiteko freskotasuna... Ez bakarrik aktore bezala, baizik eta emakume bezala ere. Borroka inportantea dugu hor, umorea betidanik gizonezkoei gordetako esparru bat izan delako. Eztabaida hori asko izan dut telebistako bileretan, edo antzerkigintzan. Emakumeak beti korrekto mantendu behar gara.

Aurkezle aritu naizenean ere, askotan esan didate: 'Zuk korrekto egin behar duzu, ze ko-aurkezlea zara...'. Eta nik erantzuten diet: 'Ja, baina nire lankideek ganberradak esaten dituzte; nire lankideek umoretik jotzen dute'. Nik, emakume bezala, umorea aldarrikatu nahi dut; gure lekua aldarrikatu. Denontzako umorea egon beharko luke mahai-gainean, eta ez dago. 

 

Umoreak, batzutan, haserrea ere pizten du. 'Euskalduna naiz, eta zu?' saioan lan egin zenuen zuk, eta bertan egin zituen adierazpen batzuengatik, Miren Gaztañaga aktorearen kontrako kanpaina egin zuten sektore batzuek. Nola bizi izan zenuen?

Mirenen kontrako lintxamendu bat egon zen. Goiz hartan bertan Mirenekin lan egiten nuen. Irudien manipulazio handi bat egon zen gorrotoa sortarazi zutenen aldetik. Baina, manipulaziorik ez egonda ere... Mirenek esan zuena esan zuen. Bale. Baina, erridikulizatzen genituen espainolak? Barkatu esatea: ni 'Ocho apellidos vascos' pelikulan egon naiz, eta euskaldunak asko ere erridikulizatzen gaituzte, eta topikoen  barruan sartzen gaituzte. Barre egin behar baldin badugu, egin dezagun denotaz. Umorea, askotan da gainera, armarik zorrotzena norberaren hutsuneak eta akatsak azpimarratzeko. Bestalde, hor sartzen da baita ere sare sozialen aurpegi ezkutu hori. Anonimatutik kritikatzea eta erasotzea oso erraza da. Twitterrek horretarako bidea eman zuen. Miren aurkitu zen egoera batean, esaten zuela: nik hau esan dut, nire aurpegiarekin eta nire izen-abizenekin; baina nire kontra ari direnak, zeintzuk dira? Estalita gelditzen dira. Hitzak oso erasokorrak dira, baina izen-abizenik gabe. Babesgabetasun sentsazioa dakar horrek. Asko mindu ninduen lagun bezala; eta aktore bezala ere, ni ere seguruenik egoera hartan aurkitu naitekeelako egunen batean. Itziar Ituñoren kasua dugu ere: presoen inguruko aldarrikapen batzuengatik zer lintxamendu egin dioten. Aktore guztiok sinatu dugu atxikimendu bat. Momentu hauetan, elkarrekin egon behar dugu, goizago edo beranduago denei tokatuko zaigulako halako egoeraren bat, Espainian lan egiten badugu behintzat. Denok esan dugu edo egingo dugu zerbait espainolen gustuko izango ez dena. Gure artean  babestu behar dugu. 

Zalantza existentzialak jorratu dituzu 'Batek daki' saioan, ETB1en. Gidoitik kanpo... zerbaitetan aldatu du lan horrek zure existentzia? Amatasuna, heriotza... landu dituzu.

Amatasunarena lehenengoa izan zen, eta gogoratzen dut molestatu egin zidala ETBn nola planteatu zen gaia: Aitziber Garmendiaren zalantzak izango ditugu: Ama izan nahi du? ez? Urduri jarri nintzen, eta esan nien: ni rol bat jokatzen ari naiz, ikuspuntu ezberdinen inguruan informatuko naiz, baina ez jarri nire hitzak hor. Ez dakizue nire zalantza hori den edo ez, eta hala balitz ere, ez nuke telebistan azalduko. Edonola ere, Batek daki askotan eraman ninduen espero ez nuen lekutik. Pertsonalki, ez bakarrik profesionalki, trago inportantea izan zen , gai ezberdin askoren inguruan hausnartzeko bidea eman zidan, eta gai askoren inguruan iritzia aldatu nuen. 

 ETB1en aritu izan zara batik bat. ETB2ren aldean, anaia txikia zela sentitu izan duzu bertan lanean?

Nik euskarazko telebista kontsumitzen dut, eta, gaizki dago esatea –bertako telebistaren alde egin beharko genukeelako–, baina erdarazko telebista kontsumitzerakoan, kanpokoa kontsumitzen dut. ETB1eko produktuak gehiago interesatzen zaizkit, ETB2koak baino. Edonola ere, ez naiz telebista-erabiltzaile ohikoa; egunero ez dut kontsumitzen. Lan egiterakoan ez dut anai txikia garenik sentitu inoiz; guztiz kontrakoa: sentitzen dut gure herriko hizkuntzan telebista egiten ari garenak gu garela, eta hori iruditzen zait nolabaiteko ohorea, telebista hobea edo okerragoa egin. Ez dut sentitzen gutxiespenik zentzu horretan. Beste zentzu guztietan badago gutxiespena, ekonomikotik hasita: aurrekontua oso diferentea da ETB2rako eta ETB1erako. 

Goenkale ikusten zenuen? Desagertu denetik, hutsune bat antzematen duzu? Beste gauza askoren artean, tranpolin bat ere izan zen aktore euskaldun askorentzat. 

Nik uste dut fikzioa falta dela ETB1en, agian fikzioa delako nik gehien kontsumitzen dudana. Goazen dago, baina oso publiko mugatuarentzat, gaztetxoentzako. Goenkale tranpolin bat izan zen, eta baita lanbide egonkor bat mundu ero honetan –antzezpenaren munduan ez dagoelako ezer egonkorra denik–. Hutsunea, Goenkalerena preseski baino gehiago, euskal fikzioaren hutsunea nabaritzen dut.   Orain, ETB1ek Kataluniako serie baten eskubideak erosi dituela, eta seguru oso ondo dagoela, baina, nik azpimarratzen dut, hemen produzitutako fikzioa egon beharko lukeela.  

Idiazabal gazta maletan sartuta joan zinen Madrilera. Aktore euskaldun asko dabiltza orain han lanean. Zelakoa da egoera?

Oso garai suabean joan nintzen. Orain igual animoak aztoratuago daude, Kataluniakoagatik eta Miren Gaztañagarekin eta Itziar Ituñorekin gertatutakoagatik... Ni joan nintzenean, oso bare zegoen asunto politikoa eta linguistikoa ere. Nik txip aldaketa egin behar izan nuen, egunerokotasunean euskarazko hitz bat bera ere ez erabiltzeko, eta azkenean Bellas Arteseko takileroari euskaraz irakasten bukatu nuen. Bizikidetzan ere ezberdinak gara, eta euskaldunoi beti esaten ziguten asko jaten genuela, eta gure osptzeko aitzakiak beti mahai-inguru batean direla. Nire ama etortzen zenean, tupperrarekin etortzen zen: babarrunak, mondejua, odolkia... Paco Martinez Soria nintzen! Eta lankideak etxera gonbidatzen nituen. Niretzat oso inportantea zen han ondo jatea. Etxetik urrun ez sentitzea. Bost ordu besterik ez dira, baina benetan etxetik urrun sentitzen zara. Agian gehiena da hizkuntza faltak ematen dizun desosegu hori, desamparua. Goizetik gauera arte erdaraz mintzatzea. Nik hizkuntza oso barneratuta daukadan  zerbait da. Lotura handia ematen dit nire sustraiekin, nire herriarekin eta nire jendearekin. Eta hango bakardade hura, bai suertatzen zitzaidala arrotza, urrunekoa... Baina Egia da oso ondo zaindu nindutela; ni nintzen la rubita del nombre raro. Leku guztietan bezala, kontua zure giroa aurkitzea da.

Umorean bikotelagun nor aukeratuko zenuke? 

Bat aukeratu beharko banu, Elena Irureta. Berarentzat hasi nintzen lanean 2003an, Martin telesailan, eta hasieratik egon zen gure arteko kimika oso ona. Asko kostatzen zitzaigun barreari eustea, baina horrek xarmangarriago egiten zuen gure harremana. Umea nintzenetik erreferente bat izan da niretzat. Berarekin lan egitea kriston oparia izan zen. 

                                "Zapaltzen dituzunean ikusten dituzu marra gorriak

 

Zein da zure marra gorria lan bati baiezkoa edo ezezkoa emateko?

Ez nuke jakingo esaten marra gorriak non ditudan, baina badakit zapaldu ditudala. Ni eroso sentitzen naizen lanak aukeratzen saiatzen naiz. Nahiz eta lana oso gustuko ez izan, behintzat nire paperak eroso sentiarazi nazan. Marra gorria, dudarik gabe, errespetua da. Behin monologo bat egiteko eskaera jaso nuen, eta idatzita bidali zidaten. Bazen nolabait oso erasokorra emakumeekiko; oso umore azalekoa zen. Fijatu zaitez gizonezkoentzat idazten dituzten monologoentzat, eta emakumezkoentzat idazten dituztenentzat. Badirudi guk gai batzuen inguruan bakarrik hitz egin dezakegula, eta hortik aurrera ezin garela haruntzago joan. Monologo hori jaso nuenean, pentsatu nuen: nik ez dut hau esan nahi; ez dut honetan sinesten. Aldi hartan ezetz esan nuen. Gehiagotan ere ezetz esan dut, telebistan, batez ere. Baietz ere askotan esan dut, eta gero pentsatu: ezetz esan behar nuen; non sartu naiz? Entretenimendua ez da edozer gauza. Antzerkian gehiago errespetatzen da hori, baina telebistan ez. Entretenimendu bezala ez du edozerk balio. Showa emango dugu, bale, baina eskaini dezagun kalitatezko zerbait. Marra gorriak askotan ikusten dituzu zapaltzen dituzunean; eta ikasi dut zapaldu behar ez diren mugak zeintzuk diren. Baina hemendik aurrera seguru gehiago zapalduko ditudala. 

Aukerarik al dute emakume nagusiek antzezte-munduan? 

Ez, ez. Eta haserratzen nauen gai bat da. Adinak asko zigortzen du emakumea. Gizarte honetan, zahartzea ez da berdin bizitzen emakumeen eta gizonezkoen kasuan. Zenbat gizonek jartzen dituzte botoxa? Balantze batetik hastearren.

Interpretazioaren munduan ere, gehiago penalizatzen zaie emakumeei. Eta, azkenean, arte eskenikoek kontatu behar dutena da bizitzan gertatzen dena, edo bizitzaren inguruan kontatu nahi duzuna. Eta bizitzan, jaun-andreok, edade guztietako jendea dago, ez bakarrik 20 urteko neska politak. Bestalde, itxura onak duen karga hori du. Badirudi edertasuna oso lotuta dagoela lanbide honekin, eta edertasuna, aldi berean, gaztetasunarekin lotuta dago. Beti borrokatuko dudan zerbait da. Gogoratzen dut 80 egunean pelikula ikusi nuenean, hainbeste hunkitu nuela! Hain  maitasun-istorio polita kontatu zuten, bi emakume edadetuena... Bazen garaia, pentsatu nuen, norbait halako zerbait egiteko, eta benetako jendearen istorioak kontatzeko. 

Txindoki azpian jaio zara. Zer da zuretzat Txindoki?

Konfesio bat egingo dizuet? Ez naiz igo Txindokira. 

Benetan? Kar, kar...

Leiho parean nuen-eta! Niretzat etxeko sala bezalakoa zen. Ez da hain diferente izango han goitik...Ez, ez dut hau harro esaten. Urtero diot igoko naizela, baina gero ez naiz inoiz igotzen. Nire gelatik ikusten nuen lehenengo gauza zen Txindoki. Ni bizi nintzen etxea Ñaiñarri izena du, eta Ñaiñarri da Txindokiren beste izena. 

Handia estreinatu berri da, ikusiko zenuen...  

Bai...

                                        "Harro sentiarazten nau Handia bezalako

                                          euskarazko maisulan bat ikusteak"

 

Eta Paul Urkijo arabarrak Errementari filmatu du euskaraz... Zelan ikusten duzu euskarazko zinemaren egoera?

Egoera orokorra ez dakit –zer diru-laguntza dauden eta abar– eta horren inguruan ez naiz mintzatuko. Baina, Handia ikusi nuenean, atera nintzen zinematik eta ez dakit zenbat aldiz errepikatu nuen: ostia, ostia. Lan ikaragarria da. Hunkituta eta oso harro atera nintzen gure herrian halako zinema egiten dela ikusi nuelako. Madrilgo lankideei esan nien ikustera joateko. Eta denak: 'Pero sales tú?' 'No, pero tienes que verla!' 'Es que me lo has dicho con tanto ímpetu...!' Harrotasun puntu bat ematen du ikusteak zure herrian, zure hizkuntzan eta bertako jendearekin halako zinema egiten dela. Errementari ere ikusi nahi dut. Nolabait, guraso batek sentituko duen harrotasuna sentitzen dut. Ez da nire lan bat, ez dut zentzu horretan saltzen, baina bai pixkat-pixkat nirea sentitzen dudala, euskal herritar guztiek sentituko duten bezala, harrotasuna ematen duelako zure herrian eta zure hizkuntzan maisulan bat egitea lortzen denean. 

 

Noiz itzaltzen duzu telebista?

Askotan. Debateak ez ditut soportatzen. Giroa kutsatzen dute. Eta komentario mingarriren bat egiten badute, telebista itzali eta, bakarrik egonda ere, nire bakarrizketa bota egiten dut lasai gelditzeko. 

Eta antzerkian? Bravorik bota al duzu inoiz? Edo eztarrian itota gelditu...

Eztarrian itota normalean ez, barruan gelditzen den guztiak kalte egiten duelako. Bravoa askotan bota izan dut. Oholtzan nagoenean txaloen momentua gustatzen ez zaidan bezala –ez naizelako eroso sentitzen–, publikoan nagoenean ikaragarri disfrutatzen dut. Txalo egiten dut zerbaitek benetan hunkitu baldin banau, eta braaaavo esaten dut, bai. Euskaraz aupa esan leike, edo oso ona... baina braaaavo ez da gauza bera. Hori castellanoz esaten dut normalean. 

 

Objektu bat ekartzeko eskatu dizugu... 

Bi gauzatxo ekarri ditut. Lehenengoa, pololo batzuk. Nire antzezlan fetitxe batean atera nituenak dira: Emakumeak izarapean antzezlanarena. Nire lanik kuttunena da, umore egiteko zuen moduagatik, eta emakumea erakusteko zuen modu bereziagatik. Nire pertsonaiak pololo hauek ateratzen zituen. Geunden belaunaldi ezberdinetako bost emakume oholtza gainean, bakoitza bere sexu-fantasia adieraziz. Zen mdu bat oso ausarta zen sexuaz hitz egiteko; ez dut esan nahi erasokorra zenik. Oso goxoa zen, oso polita. Pololo hauek karga emozionala dute niretzat, funtzio horrek lehen eta gero bat markatu zuelako nire bizitza pertsonalean eta profesionalean. Eta ekarri dudan bigarren objektua bi argazki hauek dira: ni antzerkian hasi nintzenekoak. Momentu horietako grinaz gogoratzen naiz argazkiak ikusten ditudanean: nik noizbait amestu nuen leku honetan izan nahi nuela. Eta baxualdiko momentuetan –ze izaten ditugu asko, profesio honetan– argazki horiek begiratzen ditut. Etxean dauzkat jarrita, iman batekin. Indarra ematen didate.

                                          "Gertatzen dena gertatzen dela,

                                           showak aurrera jarraitu behar du"

 

Abesti bat ere ekarri diguzu... 

Show must go on, Freddy Mercuryrena. Nire bizitzako esentzia biltzen duen abesti bat da, bai profesionalki bai pertsonalki. Mila egoera ezberdinetatik pasatzen gara, eta aktore garenoi askotan tokatzen zaigu oholtzara igo eta funtzio hori defendatzea. Nire zainetan bizi izan dudan zerbait da, eta nire bizitzako leloa horixe da: gertatzen dena gertatzen dena ere, showak aurrera jarraitu behar du. 

Eta, meriendatzeko? Solasalean saioan zuen askaririk gogokoena prestatzen dugu...

Kafesne-zopak, aitonak prestatzen zituen bezala, azukrea ogi gainean kras kras egiten zutenak. Halaxe esaten genien: kafesne-zopak kras kras. Eta, bestela, gazta-bokata. Gaur meriendatzeko, errazagoa da hori! 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago