Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) langileek itxialdia egin zuten bart gauean. Lan baldintzak hobetzeko eskatzen diote Arabako Diputazioari, tartean, langile kopurua handitzea, 2009tik bere horretan mantentzen dena, hain zuzen ere.
CCOO, ELA, LAB, Satse, ESK eta SAE sindikatuen esanetan, "premiazkoa da GOFEren langile kopurua berrezartzea, kalitatezko gizarte zerbitzu publikoak eskaintzeko". Horrez gain, "pertsonetan oinarritutako kudeaketa eredu bat" beharrezkoa dela gaineratu dute, eta horretarako, "ezinbestekoa" da langile gehiago kontratatzea, orain lanean daudenak "lanez gainezka daudelako".
Egoera salatzeko, GOFEren hogei bat langilek itxialdia egin dute zerbitzuak Manuel Iradier kalean duen zentroan. Gaurko 11:00k arte egon dira bertan, eta ondoren elkarretaratzea egin dute Diputazioan, Probintzia plazan.