Sortzaile berriek zirkuitu profesionaletan sartzeko dituzten oztopoez jabetuta, eta euskal antzerkiaren profesionalizazioa bultzatzeko helburuarekin jaio zen Zubi egitasmoa 2012an. Geroztik, hainbat lanen erakusleiho izan da, eta aurten ere aukera zabaldu dute.
Hastapen prozesuan dauden formatu txiki eta ertaineko proposamen artistiko berrien bila dabiltza, testua duten kasuetan euskaraz izango dutenak. Hala, Zubiko kideek hautatutako antzezlana bere sorkuntza prozesuan babestu, bultzatu eta laguntzeko konpromisoa hartzen dute, sustatzaileek Gasteizko TAE Eszena-Arte Tailerrean eginiko aurkezpenean azaldu bezala. Aukeratutako obraren araberako laguntza eskainiko dute; sorkuntzako prozesu gastuetan lagundu, entseguak egiteko aretoak eskaini, eta estreinaldia kide diren eragileetako espazioetan aurkezteko aukera izango dute sortzaileek.
Proposamenak jasotzeko azkeneko eguna azaroaren 30a izango da, eta hautatutako antzelanen estreinaldia 2018ko neguan aurreikusten dute. Baldintza eta argibide guztiak, halere, www.zubi.eus webgunean aurki daitezke.
Orain arte Zubi egitasmoan irabazle izan diren antzezlanak "bide arrakastatsua" izan dutela nabarmendu dute sustatzaileek, hainbat antzokitan aurkeztu eta etorkizuneko lan berrietarako "erakusleiho" moduan. Dxusturi taldearen Konpota, Lauka taldearen Amodioaren ziega eta Beheko Larrineren Atte hil aurretik izan dira lehendabiziko hiru deialdietan aukeratutakoak.
Sarea zabaltzen
Durangoko San Agusin kulturguneak, Kultur Leioak, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoak, Zornotzako aretoak, Kulturaz Azpeitiako kultur kooperatibak, Elorrioko Arriola antzokiak, Hendaiako Mendi Zolan kulturguneak, Zumaiako Aita Mari antzokiak eta Artedramak osatzen dute Zubia egitasmoaren sarea, beste antzoki eta areto batzuekin elkarlanean –besteak beste, Gasteizko Baratza aretoan ikusi ahal izan dira Zubi egitasmoko lanak–.