Kontzejuko batzarburuak eta kideak hautatzeko aukera izango dute 30.000 arabarrek, datorren azaroaren 26an. Bizilagunen batzarrek herrietako oinarrizko zerbitzuak kudeatzen dituzte: ura, argia, kaleak, lorategiak…. Kontzejuetan erabakitzen dira lehentasunezko obrak, eta herri-lurrak, bideak eta bertako ondare guztiak mantentzen dira. Erakunde hauetan emakumearen presentzia oso txikia da oraindik, eta ahalegin berezia egiten ari dira egoera zuzentzeko. Miren Fernandez de Landa (Arkauti, 1963) da Gasteizko Kontzejuen elkarteko presidentea eta Gasteizko Kontzejuen Emakumeen Sareko kidea. Emakumeen ikusezintasunari aurre egiteko ematen ari diren pausuak azaldu ditu.
Zergatik da inportantea emakumeek kontzejuen hauteskundeetan parte-hartzea?
Erabakiak hartzen diren eremu guztietan egon behar gara emakumeak, gure bizitzan eragin handia izango dutelako erabaki horiek. Emakumeok altxatu behar dugu ahotsa, eta galdutako denbora berreskuratu. Gure perspektiba inportantea da. Nik, lehendakari bezala, ikusi dut emakumeekin osatuta dauden kontzejuak askoz dinamikoagoak direla, ez dute denbora galtzen, ez dira eztabaida antzuetan sartzen… Kontzejuetan dauden emakumeak orokorrean oso arduratsuak dira, badakite gizonei eskatzen zaien bikoitza eskatuko dietela. Gizonetan ziurtzat jotzen dena, emakumeak frogatu egin behar du.
Zenbat emakume daude Gasteizko kontzejuetan eta administrazio-batzordeetan?
63 kontzeju daude Gasteizen, bederatzi emakume lehendakari ditugu eta beste 22k administrazio-batzordeetan parte hartzen dute. Oso gutxi da. Historikoki emakumeak bizitza publikotik baztertuak izan gara, etxekotuak izan gara, bigarren planora baztertuak, etxeko-eremura. Eta hori kontzejuetan islatu da.
Zer zailtasunak dituzte emakumeek kontzejuetan parte hartzeko?
Batzuek diote nahi ez dugulako ez dugula parte hartzen, baina objektiboki badira traba asko bizitza publikoan eta politikoan emakumeen parte-hartzerako. Ikusten dut kontzejuetan lanean dauden emakumeek bateragarri egin behar dituztela zaintza lanak eta kontzejuko ardurak, eta gainera, aisialdirako eskubidea ere izan behar dute. Gizonek ez dute presio hori.
Urteotan zer bilakaera izan du emakumeen presentziak organo horietan?
Beti anekdota bat kontatzen dut: Duela hamalau urte, kontzejuen elkartean hasi nintzenean, kontzeju bateko lehendakari batek oso harro esan zidan: "Ez, ez gure kontzejura emakumeak ez datoz, soilik gizonak, eta familia bakoitzetik bat". Zorionez, gaur egun, kontzeju horren lehendakaria emakume bat da. Pixkanaka joan gara urratsak egiten.
Erresistentzia asko egon dira?
Ez da erresistentzia aktiborik egon, baina ez da erraztu. Bukatzen ez den soka da: emakumeok ez genuen parte hartzen eta esaten ziguten ez genuela parte hartu nahi; "ez zaizu interesatzen" esaten zuten. Bestalde, kontuan hartu behar da, lehen, kontzejuetan, familia bakoitzetik batek parte hartzen zuela batzarretan, familia buruak, alegia gizonak. Garai horretan soilik alargunek parte hartzeko eskubidea zuten, semerik ez bazuten edo etxean beste gizon bat ez bazegoen, bestela gizonaren menpe zeuden.
Ezinbestekoa da gizonek atzera pausu bat egitea emakumeek aurrera pausu bat emateko?
Ez dakit atzera pausu bat egin behar duten, baina konprometitu behar dira emakumeen parte-hartzearekin, lagundu, bultzatu eta haien lana baloratu, ez auzitan jarri. Batzuetan atzera pausu bat egitea aurrera pausu bat ematea da.
Kontzejuen Foru Arauan diskriminazio positiborako neurriak aurreikusten dira?
Kontzejuak administrazio publikoak garen heinean neurri horiek guztiak kontuan hartu behar ditugu, baina foru arauan ez dago espezifikoki jasota. Ikusten ari gara beharrezkoa dela foru araua berrikustea eta osatzea, bere momentuan idatzi zutenean agian ez zirelako kontuan hartu hainbat gauza, eta arauetan bildu behar dira. Dena den, kontzejuetan oso zaila da halako neurriak ezartzea, batzuetan hamabost lagun daudelako eta beste batzuetan laurogei.
Patriarkatuaren isla dira antzinako usadioak eta ohiturak; inportantzia handia dute oraindik kontzejuetan?
"Usadioa eta ohitura" epaiketa batzuetan argudio bezala erabili izan dute ere, lurralde-foruak usadioetan eta ohituretan oinarrituta daude… Indar handia dute oraindik esparru anitzetan, baina erabaki matxista bat ezin da onartu usadioetan oinarrituta. XVIII. mendeko kontzejuen ordenantzak eta arauak ohituretan oinarrituta daude. Gizonen inguruan soilik hitz egiten zuten, izan ere herritarra gizona zen, emakumea ez zuten aipatzen. Ordenantzan ez ziren existitzen emakumeak. Motxila hori eramaten dugu nekazaritza munduko emakumeok eta hiriko emakumeok, baina niri egun ezin didate esan kontzeju batean ohiturak debekatzen duela emakume batek parte-hartzea, horri ezin zaio eutsi.
Nekazaritza eremua bereziki matxista al da?
Nik ez dute uste nekazaritza eremuko gizon bat hiriko gizon bat baino matxistagoa denik, herrian matxista dena hirian ere. Gertatzen dena da hirian jende gazte asko ari dela ideia matxistak alboratzeko borroka horretan, eta herrietan jende zaharra dago batik bat, beste pentsamolde batekin. Horregatik belaunaldien arteko erreleboa da koska; gazteek oso ikuspuntu aberatsa dute hainbat gairen inguruan, harremanak egiteko beste modu bat dute…, eta administrazio batzarretan gaudenok txertatu behar ditugu gazteak, haien beharretara egokitu. Herriko kontzejuak gazte batzarrak bezala direla erakutsi behar diegu, zuzeneko demokraziaren gune nagusiak.