Baskonia-Alaves taldeak EUNEIZ European University Gasteiz proiektua aurkeztu du gaur. Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundiaren babesarekin hirian sortuko duen unibertsitate pribatu berria da, eta beste bi unibertsitate katalanen laguntza izango du; EUSES (Osasun eta Kirolaren Unibertsitate Eskola) eta ENTI (Teknologia Interaktibo Berrien Eskola), hain zuzen ere.
Campus berriak unibertsitateko bost gradu eskainiko ditu; Eduki digital interaktiboak, Bideojokoetarako sormen artistikoa, Ekoizpen musikala, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak eta Fisioterapia. Horrez gain, hiru master eskainiko ditu; guztiak, ikasketa-titulu ofizialak izango dira.
Epe luzean, 1.500 eta 2.000 ikasle inguru biltzea aurreikusi dute sustatzaileek, eta datorren ikasturterako martxan egongo da, 200 ikaslerekin. Gainera, 500 lanpostu berri sortuko direla adierazi du Baskonia eta Alaveseko presidente Josean Querejetak.
Kokapena, zehazteke
Kokapenari dagokionez, ez dute lekurik zehaztu. "Momentu honetan, bi edo hiru kokapen aztertzen ari gara", argitu du Querejetak. Lehenengo fasean, 4.000 metro koadroko espazio bat beharko luke proiektuak, etorkizunean 10.000 metro koadrokoa izan daitekeena. Inbertsioa, berriz, hiru milioi eurokoa izango dela esan du Querejetak.
Gorka Urtaran alkatea eta Ramiro Gonzalez diputatu nagusia pozik agertu dira proiektu berri honekin, eta oinarri sendoa eta finantzazioa baduela argi utzi dute. "Kokapen egokiena bilatzen laguntzen ari gara", zehaztu du Gonzalezek. Zentzu horretan, BAKH aukeren artean ez dagoela baieztatu du Baskoniako presidenteak. Horrez gain, Krean zabaltzekoa zen unibertsitate campusarekin zerikusirik ez duela argitu du.