Pou anaiek The North Face 4 Elementu proiektuaren bigarren fasea osatzea lortu dute. Konkretuki, bi eskalada bide berri zabaltzea lortu dute Perun. Lehenengoa, Yaku Mama izenekoa, Amazonasen; eta bigarrena, aldiz, Zerain izenekoa, Chaupi Huanca Esten. Modu horretan, omenaldi berezia egin diote eskalatzaile gasteiztarrek udan Nanga Parbaten hil zen mendizaleari.
Omenaldia Gasteizen
Aurreko asteburuan, aldiz, omenaldi berezia egin zioten Alberto Zeraini Gasteizen. Mendizalearen senideak, lagunak eta erakundeetako ordezkariak elkartu ziren Europa jauregian; guztira, mila pertsona inguru. Familiak eta lagunek La huella de Zerain izenburuko bideoa aurkeztu zuten ekitaldian. Era berean, Arabako Foru Aldundiaren aitorpen-xafla jaso zuten senideek, diputatu nagusi Ramiro Gonzalezen eskutik. Ondoren, Alberto Zerain hiriaren Seme Kutuntzat aitortzeko diploma eta intsignia eman zizkien alkateak.