Euskarazko lehenengo dokumentalari buruzko dokumentala, Oihanederren

Erredakzioa 2017ko aza. 27a, 11:23

Gure sor lekua historiako euskarazko lehenengo dokumentalari buruzko dokumentala prestatu du Josu Martinez ikerlari eta zinemagileak. Azaroaren 29an, 19:00etan, ikusgai izango da Oihaneder Euskararen Etxean.

Euskal zinema dokumentalari buruzko ikerketa bat egiten ari zela izan zuen ezustekoa Josu Martinezek (Bilbo, 1986). Bide luze eta korapilotsu baten ondoren, Gure sor lekua  dokumentalaren kopia bat aurkitu zuen; historiako euskarazko lehen filma, 1956. urtekoa. Dokumentalak berak duen garrantzia eta hura bilatzeko eginiko "detektibe" bilaketa prozesua elkartu, eta Gure sor lekuaren bila izeneko dokumentala prestatu du Martinezek. Zinemaldian (2015ean) eta hainbat aretotan ibili ostean, Gasteizen ikusi ahal izango da hurrengo astean, ikerlariaren eskutik. 

Josu Martinezek berak aurkeztuko du dokumentala, azaroaren 29an, 19:00etan, Oihaneder Euskararen Etxean, eta euskarazko lehen dokumentala bilatzeko lanak azalduko ditu bertan. "Bilaketa nahiko zaila, luzea, korapilotsua eta beste momentu batzuetan xelebrea izan zen; pentsatu nuen bilaketaren istorioak berak bazuela pelikula bat", azaldu du Martinezek Alea FM saioan egindako elkarrizketan. 

Hazparnen (Lapurdi) hasi, eta Parisera, Dakarrera, Buenos Airesera, San Frantziskora... hamaika txokotara eraman zuen ikerketak. 60 urte beranduago inork bilatu ez zuen dokumental baten bila zebilen, eta, noski, arazoak ez zituen falta: "Lekuko asko hilda zeuden, inork ez zion garrantziarik eman lehenago pelikula hari, eta orohar euskal kulturak dituen arazo berdinekin egin nuen topo: gure ondarea ez dagoela artxibategi nazional batean  gordeta, baizik eta etxeko zokoren batean, askotan bazterrean ahaztuta". Garaiko Iparraldeko prentsan agertutako albiste bati tiraka aurkitu zuen dokumentala Martinezek, batean eta bestean galdetuta heldu zen altxorra aurkitzera.  

Ordu erdiko dokumentala da Madrerena, diasporako euskaldunei begirako lana. Euskal Herriko hamaika txokotan grabatu zituen, nekazari eta arrantzale, festa eta kirola, familia eta bestelako irudi bukolikoak. Topatutako albisteen arabera, euskarazko dokumental bat egin zuen Andre Madre zinemagileak, Jean Elizalde Zerbitzari idazle, apaiz eta euskaltzainaren hitzak jasotzen zituena. 1953ko euskararen egunean erabaki zuen Madrek euskarazko film bat egin behar zuela, eta bi urte beranduago aurkeztu zuen Hazparnen. Filmean ez da euskararik entzuten, audiorik gabeko kopia bat topatu zuelako Martinezek, baina prentsak filma euskarazkoa zela esaten zuen, eta hala gogoratzen dute lekukoek ere. Hain zuzen, Euskararen astearekin helduko da aurten, Gasteizera, Euskararen Etxera.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide