Garoñaren eraispenean, "segurtasuna eta gardentasuna" eskatu dute

Erredakzioa 2017ko aza. 13a, 13:22

Ebrora isurketa erradiaktiborik ez egiteko eskatu du Garoñaren kontrako foroak.

Garoñako zentral nuklearra ixteko erabakia hartu ostean, orain zentrala botatzea izango da hurrengo urratsa. Zentzu horretan, eraispen-lanetan "segurtasuna eta gardentasuna" eskatu du Garoñaren aurkako foroak. "Segurtasuna, ihes erradiaktiborik ez egoteko behar diren ekintza guztiak egin daitezen, hemen ezin delako akatsik egin. Eta gardentasuna, inguruko herritar guztiok eraispena behar bezala egiten ari dela ikusi nahi dugulako", azaldu du zentralaren aurkako taldeak ohar baten bidez.

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak prozesua aurrera eramateko batzordea abian jarriko dute, eta bertan parte hartzea eskatu du Garoñaren aurkako foroak. "Inguruko udalak, beste herri mugimenduak eta talde ekologistak ere bertan egotea garrantzitsua da", gaineratu du. 

Hala, hiru dira egingo foroak egin dituen eskaerak. Lehendabizi, Ebron aldian aldiko kontrolak egitea, isurketa erradiaktiborik egon ez dela ziurtatzeko. Bigarrenik, CSNren webgunean egin beharreko lanen informazio guztia argitaratzea. Azkenik, hondakinak bertan ez uztea eskatu dute. Era berean, Garoña inguruan lanpostuak sortzen laguntzeko eskatu diete administrazioei.

Hamar urte, 600 milioi

Eraispen-lanek hamar urte baino gehiago iraun dezakete, eta kostua 600 milioitik gorakoa izan daiteke. Diru-kopuru horretatik, Iberdrolak eta Endesak 150 milioi baino ez dutela ordainduko azaldu du foroak, "gainerakoa herritar guztion lepora izango da".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide